Renault laranja batean hasi zen guztia

Zarauzko lizardi kalean zegoen Batzokiaren inagurazio eguneko pegatina. 1979-08-25. Eta nire alderdike txartela.
Zarauzko lizardi kalean zegoen Batzokiaren inagurazio eguneko pegatina. 1979-08-25. Eta alderdike txartela.

 

Aurreko ostiralean eman genion bukaera Gipuzkoako alderdiko burukide berriek osatuko duten ejekutibaren prozesuari. Joseba Egibar izango da GBBko presidentea eta talde berrirako, beste 14 kideren artean, ni ere hautatua izan naiz. Eskertua emandako babesarengatik, eta ilusioz beteta nago, datorkigun denbora berri honetan ekiteko duguna kontuan hartuta. Ametsak, grina eta hori guztia mugiaraziko duen motor berri bat jartzera goaz abian; elektrikoa izango da, hala eskatzen baitu garai berri honek. Paritarioa eta guztiz euskalduna, azken hori ez luke berri izan behar.

Hamazazpi urte nituela hasi nintzen etxez etxe botoak banatzen Renault laranja batean. Umetatik,  Alderdi Egunetatik eta batzoki zaharreko Lizardi zinematik ezagutzen ninduten Rosita eta Gurutze alderdikideak joan ziren nire amarengana kotxe eske. Lanak asko erraztuko zitzaizkiela esan zioten kotxe bat izanez gero, eta segituan eman zien amak baiezkoa. Biharamunean  han agertu ginen ama eta biok gasolinazko motorra zuen autoarekin, eta beraiek, berriz, gaur berriro ere hain modan dauden sarezko poltsekin. Di-da batean egin genuen banaketa. Zelai-Ondo eta Itxasmendiko auzoetako ezkaratzetako buzoi guztietan sartu genuen propaganda, asko baitzegoen jokoan 1991ko foru eta udal hauteskunde haietan. Gerora etorri zen konpromisoa, alderdikide izateraino. Bittor Martiarenak, Nikolas Diezek eta Potxolok eman zidaten karneta Zarauzko Azarako batzokian. Harrezkero makina bat trenetan, busetan eta kotxeetan ibilitakoa naiz, leku batetik bestera, EGIkide garaietan ez zen-eta inoiz motorra gelditzen: batzarrak, kartelak eta jaiak. Beti izaten genituen zereginak eta ondo pasatzeko nahiko diesel. 

Ardura handiagoen garaia ere iritsi zen, 2003an herriko zinegotzi izatetik hasi eta Gipuzkoako foru diputatu izateraino. Herrigintzan jarraitzeko beste plaza bat. Erakundeetatik garatu ditugu hainbat proiektu garrantzitsu herri honetarako, lantaldean, gauza txikiei garrantzia emanez eta denen ideiak kontuan hartuz. Batzuetan sokatiran, nork bere aldera tiraka;  eta gehienetan, berriz, arraunean, denok bat eginda, norabide berean. Eskola ederra da erakundeetan lan egitea, horietan ikasten delako zein desberdinak garen batzuetan euskaldunok eta zenbat irabazten dugun elkarrekin lan egiten dugunean.

Egun, berriz, ez dakigu nolakoak izango diren eta zein izen izango duten datozen ibilgailuek. Galdera ugari eta erantzun gutxi, baina zaharrak berri bide orriaren gakoak zeintzuk izan behar diren erabakitzerakoan: hazkunde ekonomikoa eta gizarte babesa; kohesio soziala indartu eta askatasunean oinarritutako herria eraikitzen jarraitu.  Lanabesak eta egiteko moduak desberdinak izango dira, egungo egoerara egokituak. GBBko motor berria abian da dagoeneko, elektrikoa da, baina ez 120ko edo 220ko indarrekoa,  320koa behar dugu izan, industriala, martxa sartuko diona herri honi, erronkei aurre egiteko behar dugun modukoa.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *