Abenduak badu ospakizun eta oroitzapen usaina. Urte bat agurtu eta berriari ongi etorria ematen zaion horretan izandako bizipenak eta berri nagusienak jasotzen ditugu. Denetik egoten da memori jarduera horretan: onak eta txarrak. Baina denak dira baliagarriak zer garen, nola jarduten dugun eta zer bideratu behar dugun ikasteko.
Egunotan David Isart Laskurainen istorioa iritsi zait. Hunkitu egin nau ezezaguna zaidan herritar horren bizitzak. Zarautzen 1902an jaioa, Antonia Escartinen senarra eta bost seme-alaben aita. Errepublikaren defentsan, Intxarkundia batailoian gudari, Kantabrian harrapatu zuten 1937an eta Lleidako konzentrazio gune batera eraman zuten. Baldintza latz eta ankerrak bizi izan zituen han eman zituen bi urteetan, eta hala hil zen 1939ko maiatzaren 13an.