Positibotasuna

zuzeu

Edozein gertaera baloratzerakoan, bi aukera daude: botila erdi hutsik, edo erdi beteta ikustea. Gehienetan bigarrengoa egiten dut nik, izaeragatik ziurrenik, baina baita ere sinetsita nagoelako onura gehiago ekartzen dituela jarrera horiek, eta eraikitzaileagoa delako gauza onak azpimarratzea, txarrekin itsutzea baino.

Atzo omenaldia egin zion Zarauzko Udalak José Ignacio Iruretagoiena ETAren biktimari. Alderdi guztietako ordezkariek parte hartu zuten, haren familiari babesa adieraziz. Adierazpen instituzionala, ordea, ez zen aho batez onartu, EH Bilduk ez baitzuen sinatu. Batzuk horretan jarri dute fokoa beraien irakurketan, ekitaldia iluntzen duelakoan. Nik nahiago dut gauza positiboekin gelditu, asko egon baitziren.

Atzo, pleno aretoan, espazio berean, Iruretagoienaren familia osoa, hura hil zuten garaiko zinegotziak –alderdi guztietakoak- eta hainbat ordezkari elkartu ziren, besteak beste. Duela oso gutxi, pentsaezina zen halakorik gertatzea. Elkarbizitza sendotzea eguneroko lana da: mesfidantzak eta ezinikusiak gainditzea, zauriak jostea, puskatuta dauden harremanak pixkanaka berreraikitzea… Hori ez da gauetik goizera lortzen, baina esango nuke denbora gutxian pauso erraldoiak eman ditugula, eta atzoko argazkiak hori irudikatzen duela.

Perspektibaz begiratuta –eta hala behar du-, azken hamarkadotan Zarauzko Pleno aretoan, ez aspaldi, ikusi izan ditugunak gogoratu behar ditugu: gaubeilak, mehatxuak, irainak, desalojoak… Zerikurisik ez gaur egungo, eta atzoko irudiarekin. Normalizaziora ez gara iritsi, badugu oraindik zer egina, guztiok, baina berreskuratu dugu nolabaiteko normaltasun bat, eta albiste ona da hori.

Ahanzturak ez dakar aurrera egitea. Aldiz, herri honen memoria lantzen jarraitu behar dugu. Memoria demokratikoa, kritikoa, inklusiboa eta ez justifikatzailea behar dugu, non biktima orok merezi duten egia, justizia eta erreparazioa. Sortutako minaren aitortza ezinbestekoa da. Horrelako ekitaldiek izugarri laguntzen dute bide horretan.

EH Bilduren barruan izandako desadostasunak desadostasun, aurrerapausotzat jotzen dut atzokoa. Jakin badakit badaudela ezker abertzalean, herriz herri, oinarrian, ausardiaz jokatzen ari diren pertsonak, aurrerapauso zintzoak ematen ari direnak. Itxaropena dut luze gabe haien jarrera gailenduko dela mugimendiko arduradun politiko gorenen artean ere, trakzio lana egingo dutela. Argi dago batzuk ari direla urratsak ematen, nahiz eta gustatuko litzaigukeena bezain azkarrak edo orokortuak ez izan.

Elkarrekiko errespetuan eta elkarbizitzan asko irabazi dugu azken urteetan. Atzokoa bezalako ekitaldiek hauspotu egiten dute bide hori.  Eta ezin aipatu gabe utzi, ezer ez zela posible izango Iruretagoienaren alargun Mari Jose Imazek, Eneko eta Mikel semeek, eta senitarteko guztiek hain ekarpen baliotsua egin izan ez balute; hunkigarriak, eta eredugarriak dira erakutsi dituzten sendotasuna, kuraia eta duintasuna.

Nola ez diegu gauza positiboei helduko, beraiek, sufritutakoa sufritu ondoren, halako pausoa emateko kapazak izan badira?

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *