David zarauztarraren istorioa

Zarauzko hilerria
Zarauzko hilerria

Abenduak badu ospakizun eta oroitzapen usaina. Urte bat agurtu eta berriari ongi etorria ematen zaion horretan izandako bizipenak eta berri nagusienak jasotzen ditugu. Denetik egoten da memori jarduera horretan: onak eta txarrak. Baina denak dira baliagarriak zer garen, nola jarduten dugun eta zer bideratu behar dugun ikasteko.

Egunotan David Isart Laskurainen istorioa iritsi zait. Hunkitu egin nau  ezezaguna zaidan herritar horren bizitzak. Zarautzen 1902an jaioa, Antonia Escartinen senarra eta bost seme-alaben aita. Errepublikaren defentsan, Intxarkundia batailoian gudari, Kantabrian harrapatu zuten 1937an eta Lleidako konzentrazio gune batera eraman zuten. Baldintza latz eta ankerrak bizi izan zituen han eman zituen bi urteetan, eta hala hil zen 1939ko maiatzaren 13an.

Han bukatu zen Daviden bizitza; ez, ordea, haren borroka. Eta ibilbide horretan bere ondorengoak bidelagun geroztik. Katalunian lurperatuta zegoelakoan, hara non jakiten duten Erorien Haranera eraman zutela frankistek 1965ean, eta han egon dela beste 33.000 lagunekin baino gehiagorekin batera, inork ezer jakin gabe, ezkutuan.

Aita eta aitona ez dute sekula ahaztu eta urtea bukatu aurretik etxean nahi dute, Zarauzko hilerrian, lurperatuta, herriko lurrarekin bat eginda. Senideek lortu dute Erorien Haranetik ateratzea eta urte askotako bidegabekeria horrekin bukatzea. Lehen euskalduna izango da handik ateratzen. Davidek lortu du, baina zenbat oraindik horrelakoak? Non daude Frankismo garaian gure herriaren alde egin zuten milaka lagunen oroitzapena eta aitortza? Daviden istorioa bakarra da, baina bakarkakoak elkartuta osatzen dugu guztion Historia. Giza eskubideen urraketak salatzen jarraitu beharra daukagu eta memoria egin, horrelakorik gehiago gertatu ez dadin.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *