Auzoa digitalizatu

auzoa

Urtea bukatu aurretik COVID-19 gaitzari aurre egiteko lehen txertoak jartzen hasi dira euskal herritarrei. Berri ona zalantzarik gabe, nahiz eta oraindik kezkak nagusi izan eta informazio asko falta zein nolako eragina izango duen jakiteko botika berri horrek gure osasunean. Bestalde, lehen ondorio ekonomiko, sozial eta politikoak antzematen hasi gara, eta hurrengo urtean, oraindik ere, jaso dugun kolpeari buelta emateko izerdi dezente botatzea tokatuko zaigu. Pandemia honek dena hankaz gora jarri du, eta mundu osoa dago aztoratuta nahiz eta gurea, gertukoa, izan kezkatzen gaituena.

Ez gara izan ginenak, nahiz eta, orain, ez jakin nolakoak garen. Denbora gutxian asko aldatu gara. Gure herriaren digitalizazioan abiadura handiko ekimenak burutu ditugu azken hilabeteotan, batik bat gure enpresetako ekoizpen prozesuetan eta lan egiteko moduetan. Gure ordenagailuaren pantaila ere erakusle erraldoi bihurtu da, edozein gauza ikusi, lortu eta erosi dezakegu, klip bat eginez, nahiz eta nahi dugun hori munduko beste puntan egon eta gaueko 23:00k izan. Sare sozialen eta azken belaunaldiko gailuen bidez, gure lagun eta senideekin ditugun harremanak ere digitalizatu ditugu, atzean utzita taberna eta plazak.

Gure etxeetako balkoiak, herri enparantzak izan diren horiek, itxi ditugunean eta kalera jaitsi garenean berriro,  gure auzoa goibel ikusi dugu, bizitzarik gabe, erdi hilda. Sareetan ibiltzeko hobetutako trebeziak badirudi herri sareak ahultzearen ordainetan izan dela. Gure aurrekoek ez zuten ez facebooken,  ezta instagramen ere, inongo perfilik irekita, giza sareak zituzten ondo indartuta, sustraituta, eta ederki asko bazekiten non aurki zezaketen familia medikua gaixotuz gero, zapatak zaharrak konponduko zizkion pertsona edota galtza berrietan egindako zuloa berriro ere josiko zion auzokidea. Haientzat sareen garrantzia ez zen zenbat jarraitzaile zuten, baizik eta zenbat adiskide zuten beraien egunerokoan bidelagun.

Herriko auzoek izan dute berezko pertsonalitatea, batzuek festa erraldoiak antolatzen;  besteak, ordea, kirol txapelketak prestatzen. Ondo bereizten genuen herri bakoitzean auzoaren izaera, nor zein auzotakoa zen. Saltokiak, etxeko txikiak jolasteko guneak, aiton-amonentzat elkartzeko plazak eta abar, denak dira gutako bakoitzaren bizi kalitatea hobetzeko auzo beharrak. Horiek digitalizatu behar ditugu orain. Balkoian ezagutu genuen bizilagun horrekin edota inoiz sartzen ez ginen denda horretan. Oraingo hizkuntz kodeak erabiliz, zentzuz eta konpromisoz.  Auzoak dira gure etorkizuneko arnas guneak , eta horien garapena azkartu egin behar dugu. Gipuzkoan azken baserriraino ari gara zuntz optikoa eramaten haiek ere besteek adinako aukera izan dezaten. Dutenari eusteko eta datorrenari heltzeko. Etorkizuneko sareak, hortaz, ez dira zuntz optikoan bakarrik elkartuko, elkarrekin ibiliko dira auzoetako kaleetan, etxeetan eta mendiko baserrietan.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *