Abendua izan ohi da urte osorako genituen egitekoak bete ditugun ala ez aztertzeko garaia, eta hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere azken soziometroaren emaitza esanguratsuenak aditzera eman ditu gipuzkoarron hainbat gaien inguruko balorazioa, hausnarketak eta nahiak zeintzuk diren hobeto ezagutzeko.
Hedabideetako lerroburuek indar politikoek lortzen duten emaitzetara joko dute, baina herritarren kezkak beste alde batetik doaz. Ekonomiaren sustapena, langabezia eta gertukoen egoera dira gipuzkoarrok gehien kezkatzen gaituzten kontuak, eta 6,42koa da geure egoera pertsonalari jartzen diogun nota. Ez da emaitza txarra COVID-19 sasoi honetan lortutakoa, nahiz eta herritarren % 70,8 kezkatuta egon, % 48,9 goibel sentitu eta % 30,6k bakarrik dagoela adierazi. Beraz, ondo gaudela diogu, baina ez nahiko genukeen bezain ondo. Lanketa osoan zehar, gaia edozein dela ere, gipuzkoarren heren bat gaizki ari dela pasatzen eta ezezkor dagoela agertzen da. Oraindik gurean ere desberdinkeriari aurre egiteko asko dugula ondorioztatzen dugu.
Azken aldian hizpide izan diren beste gai batzuen inguruan ere jasotzen du herritarren iritzia soziometroak, eta horien artean deigarria egin zait, beste kontu batek lortu duen emaitza: nagusien zaintzak lortutako 6,13ko nota, eta erabiltzaileen senitartekoei galdetuz gero, emaitza hori hobetu egiten dute eskainitako zerbitzu guztietan. Pozgarria benetan, jakinda zein nolako esfortzua egin duen Gizarte Politikako talde osoak pandemiako garai gogorretan. Horretaz gain, egun Foru Aldundiaren kudeaketaren ardatz diren erantzunak aztertu ondoren, beste behin ere, Gobernu Kontseiluak gainditu egiten du 5,70eko notarekin bere eguneroko jarduera; oposizioak,berriz, eznahikoa jasotzen du: 4,84.
Herritarren politikarekiko konfiantza faltak kezkatzen nau. Nahiz eta gipuzkoarren % 60,5ek adierazi inguruko jendearengan konfiantza duela, % 18,5ek bakarrik du konfiantza politikan. Datu azpimarragarria eta benetan aintzat hartu beharrekoa etorkizuna beste modu batean eraiki nahi dugunean. Kopuru horren atzean ezintasun asko ezkutatzen dira, eta horien inguruan eztabaida soziala sustatu beharra dago beste kultura politiko berri baten alde egiteko eta, batik bat, demokraziaren alde lan egiten jarraitu dezagun.
Prentsako lehen orrietan azalduko dira ikerketaren azken aldean agertzen diren politikaren inguruko gogoetak. Bi ideia nagusi: alde batetik, gipuzkoarron identitatea; eta bestetik, balizko hauteskunde batzuetan izango liratekeen emaitzak. Gipuzkoarren % 46,4 euskaldun, eta bakarrik euskaldun, sentitzen dira bere izaeraz edota identitateaz galdetuta. Gehiengo batez abertzale izaten jarraitzen du lurraldeak. Gipuzkoan bi alderdi abertzaleak sendo agertzen dira, eta duten babesa hazten doan bitartean, alderdi espainolak jaisten doaz botoetan. EAJ-PNV da lehen alderdia Gipuzkoan, % 36,9ko babesarekin, eta % 34,5ekin EHBILDU agertzen da. 21 batzarkide lortuko lituzke batak, eta 19 besteak. Lehia Oria eta Deba-Urola eskualdeetan izango da, batez ere.
Urtarrila ate joka dugu, eta abenduko ikasgai, etxeko lan eta ilusio berrituekin sartuko gara urte berrian. COVID-19ak indartsu jarraitzen du kolpatzen, eta ditugun kezkek irtenbide bila jarraituko dute. Bien bitartean, politikan kolpeak ez dira gutxituko, konfiantza ezak eztabaidagai izaten jarraituko du, eta bi alderdi abertzaleen arteko aharien borrokaren lehen prestaketa lanak ikusten hasiko gara. Soziometroaren datuak datu, zaharrak berri 2022ko lehen egunetan.
Soziometroa.Eus. 2021/11: 1096-SOZIOMETROA GIPUZKOA (2021 azaroa). Eus
Sociómetro. Cas.2021/11: 1096-SOCIOMETRO GIPUZKOA (Noviembre 2021). Cas