Abendua izan ohi da urte osorako genituen egitekoak bete ditugun ala ez aztertzeko garaia, eta hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere azken soziometroaren emaitza esanguratsuenak aditzera eman ditu gipuzkoarron hainbat gaien inguruko balorazioa, hausnarketak eta nahiak zeintzuk diren hobeto ezagutzeko.
Hedabideetako lerroburuek indar politikoek lortzen duten emaitzetara joko dute, baina herritarren kezkak beste alde batetik doaz. Ekonomiaren sustapena, langabezia eta gertukoen egoera dira gipuzkoarrok gehien kezkatzen gaituzten kontuak, eta 6,42koa da geure egoera pertsonalari jartzen diogun nota. Ez da emaitza txarra COVID-19 sasoi honetan lortutakoa, nahiz eta herritarren % 70,8 kezkatuta egon, % 48,9 goibel sentitu eta % 30,6k bakarrik dagoela adierazi. Beraz, ondo gaudela diogu, baina ez nahiko genukeen bezain ondo. Lanketa osoan zehar, gaia edozein dela ere, gipuzkoarren heren bat gaizki ari dela pasatzen eta ezezkor dagoela agertzen da. Oraindik gurean ere desberdinkeriari aurre egiteko asko dugula ondorioztatzen dugu.
Azken aldian hizpide izan diren beste gai batzuen inguruan ere jasotzen du herritarren iritzia soziometroak, eta horien artean deigarria egin zait, beste kontu batek lortu duen emaitza: nagusien zaintzak lortutako 6,13ko nota, eta erabiltzaileen senitartekoei galdetuz gero, emaitza hori hobetu egiten dute eskainitako zerbitzu guztietan. Pozgarria benetan, jakinda zein nolako esfortzua egin duen Gizarte Politikako talde osoak pandemiako garai gogorretan. Horretaz gain, egun Foru Aldundiaren kudeaketaren ardatz diren erantzunak aztertu ondoren, beste behin ere, Gobernu Kontseiluak gainditu egiten du 5,70eko notarekin bere eguneroko jarduera; oposizioak,berriz, eznahikoa jasotzen du: 4,84.