Renault laranja batean hasi zen guztia

Zarauzko lizardi kalean zegoen Batzokiaren inagurazio eguneko pegatina. 1979-08-25. Eta nire alderdike txartela.
Zarauzko lizardi kalean zegoen Batzokiaren inagurazio eguneko pegatina. 1979-08-25. Eta alderdike txartela.

 

Aurreko ostiralean eman genion bukaera Gipuzkoako alderdiko burukide berriek osatuko duten ejekutibaren prozesuari. Joseba Egibar izango da GBBko presidentea eta talde berrirako, beste 14 kideren artean, ni ere hautatua izan naiz. Eskertua emandako babesarengatik, eta ilusioz beteta nago, datorkigun denbora berri honetan ekiteko duguna kontuan hartuta. Ametsak, grina eta hori guztia mugiaraziko duen motor berri bat jartzera goaz abian; elektrikoa izango da, hala eskatzen baitu garai berri honek. Paritarioa eta guztiz euskalduna, azken hori ez luke berri izan behar.

Hamazazpi urte nituela hasi nintzen etxez etxe botoak banatzen Renault laranja batean. Umetatik,  Alderdi Egunetatik eta batzoki zaharreko Lizardi zinematik ezagutzen ninduten Rosita eta Gurutze alderdikideak joan ziren nire amarengana kotxe eske. Lanak asko erraztuko zitzaizkiela esan zioten kotxe bat izanez gero, eta segituan eman zien amak baiezkoa. Biharamunean  han agertu ginen ama eta biok gasolinazko motorra zuen autoarekin, eta beraiek, berriz, gaur berriro ere hain modan dauden sarezko poltsekin. Di-da batean egin genuen banaketa. Zelai-Ondo eta Itxasmendiko auzoetako ezkaratzetako buzoi guztietan sartu genuen propaganda, asko baitzegoen jokoan 1991ko foru eta udal hauteskunde haietan. Gerora etorri zen konpromisoa, alderdikide izateraino. Bittor Martiarenak, Nikolas Diezek eta Potxolok eman zidaten karneta Zarauzko Azarako batzokian. Harrezkero makina bat trenetan, busetan eta kotxeetan ibilitakoa naiz, leku batetik bestera, EGIkide garaietan ez zen-eta inoiz motorra gelditzen: batzarrak, kartelak eta jaiak. Beti izaten genituen zereginak eta ondo pasatzeko nahiko diesel. 

Jarraitu irakurtzen

Izan zaretelako, gara

Zarauzko batzokia. 2013-09-26.
Joan den asteazkenean Zarauzko EAJ-PNVk omenaldia egin zien alderdiaren eta herriaren alde guztia eta gehiago eman duten lau gizon-emakumeri: Kepa Murua, Nikolas Diez, Manuel Olazabal eta Lydia Miranda. Ekitaldi xume, baina eder eta hunkigarria izan zen. Batzokia gainezka, belaunaldi desberdinetako jendearekin, emozioak dantzan, eta gutako asko malkoei eusteko lanekin. Balio dezatela lerrotxo hauek omenduekiko nire miresmena eta esker ona adierazteko. Beti apal, beti zintzo eta beti esker oneko izan zaretelako. Lanerako prest beti. Ez bakarrik une gozoetan, baita latzenetan ere. Azken horietan neurtzen da pertsonen balioa, eta tamalez une zailak ere pasa behar izan ditu gure alderdiak eta gure herriak aspaldi luzean: ilegalizazioa, gerra, diktadura, trantsizioa, gatazka, zatiketa… Konpromisoa ez da hitzekin erakusten, baizik eta ekintzekin. Bizimoduekin.
Honaino iritsi baldin bagara, zuei eta zuek bezalakoei esker izan da. Jakin ezazue eredu zaretela eta izango zaretela beti guretzat. Egin dugu aurrera, eta jarraituko dugu aurrera egiten, Zarautz eta Euskadi aske, baketsu, solidario eta duin baten alde.
Jarraitu irakurtzen