Renault laranja batean hasi zen guztia

Zarauzko lizardi kalean zegoen Batzokiaren inagurazio eguneko pegatina. 1979-08-25. Eta nire alderdike txartela.
Zarauzko lizardi kalean zegoen Batzokiaren inagurazio eguneko pegatina. 1979-08-25. Eta alderdike txartela.

 

Aurreko ostiralean eman genion bukaera Gipuzkoako alderdiko burukide berriek osatuko duten ejekutibaren prozesuari. Joseba Egibar izango da GBBko presidentea eta talde berrirako, beste 14 kideren artean, ni ere hautatua izan naiz. Eskertua emandako babesarengatik, eta ilusioz beteta nago, datorkigun denbora berri honetan ekiteko duguna kontuan hartuta. Ametsak, grina eta hori guztia mugiaraziko duen motor berri bat jartzera goaz abian; elektrikoa izango da, hala eskatzen baitu garai berri honek. Paritarioa eta guztiz euskalduna, azken hori ez luke berri izan behar.

Hamazazpi urte nituela hasi nintzen etxez etxe botoak banatzen Renault laranja batean. Umetatik,  Alderdi Egunetatik eta batzoki zaharreko Lizardi zinematik ezagutzen ninduten Rosita eta Gurutze alderdikideak joan ziren nire amarengana kotxe eske. Lanak asko erraztuko zitzaizkiela esan zioten kotxe bat izanez gero, eta segituan eman zien amak baiezkoa. Biharamunean  han agertu ginen ama eta biok gasolinazko motorra zuen autoarekin, eta beraiek, berriz, gaur berriro ere hain modan dauden sarezko poltsekin. Di-da batean egin genuen banaketa. Zelai-Ondo eta Itxasmendiko auzoetako ezkaratzetako buzoi guztietan sartu genuen propaganda, asko baitzegoen jokoan 1991ko foru eta udal hauteskunde haietan. Gerora etorri zen konpromisoa, alderdikide izateraino. Bittor Martiarenak, Nikolas Diezek eta Potxolok eman zidaten karneta Zarauzko Azarako batzokian. Harrezkero makina bat trenetan, busetan eta kotxeetan ibilitakoa naiz, leku batetik bestera, EGIkide garaietan ez zen-eta inoiz motorra gelditzen: batzarrak, kartelak eta jaiak. Beti izaten genituen zereginak eta ondo pasatzeko nahiko diesel. 

Jarraitu irakurtzen

Forondatik indar berrituta

Alderdi Eguna 2012 from Iñigo Urkullu on Vimeo.

Alderdi egun guztiak dira bereziak. Herri honen aldeko grina eta lan egiteko gogoa partekatzen ditugun milaka alderdikide elkartzen gara urtero eta ezohiko energia sortzen da Forondako belardietan. Baina joan den igandekoa, beharbada, are bereziagoa izan da, ilusioa eta indarra berreskuratu ditugun seinale bihurtu baita. Horrelako topaketetan denetarik hitz egiten dugu; dagoenaz, ez dagoenaz, nola doakio honi, beste honi, zer moduz daramatzazu zuk dena… bizitza, azken finean. Baina solasaldi gehienetan, noski, datozen hauteskundeak izan ziren hizpide.

Denok dakigu urriaren 21ekoa oso hitzordu inportantea izango dela, bizi dugun uneagatik, arlo politikoan zein ekonomikoan. Inkesta guztiek EAJ-PNV  ematen dute garaile, baina ezin dugu inolaz ere erlaxatu eta lasaikerian erori. Ezker abertzaleak Aralar eta Eusko Alkartasunaren ahultasuna aprobetxatu ditu alderdi horien sektore handi bat fagozitatze prozesuan jartzeko, eta seguru sostengu aipagarria lortuko duela. Beraz, lanean jarraitzeko garaia da, beti defenditu ditugun euskarriekin: krisialdiari aurre egiteko ekimenak eta proposamenak, eta euskaldunon erabakitzeko eskubidea, Europan euskal estatuari atea irekitzeko.

Jarraitu irakurtzen