Aurreko ostiralean eman genion bukaera Gipuzkoako alderdiko burukide berriek osatuko duten ejekutibaren prozesuari. Joseba Egibar izango da GBBko presidentea eta talde berrirako, beste 14 kideren artean, ni ere hautatua izan naiz. Eskertua emandako babesarengatik, eta ilusioz beteta nago, datorkigun denbora berri honetan ekiteko duguna kontuan hartuta. Ametsak, grina eta hori guztia mugiaraziko duen motor berri bat jartzera goaz abian; elektrikoa izango da, hala eskatzen baitu garai berri honek. Paritarioa eta guztiz euskalduna, azken hori ez luke berri izan behar.
Hamazazpi urte nituela hasi nintzen etxez etxe botoak banatzen Renault laranja batean. Umetatik, Alderdi Egunetatik eta batzoki zaharreko Lizardi zinematik ezagutzen ninduten Rosita eta Gurutze alderdikideak joan ziren nire amarengana kotxe eske. Lanak asko erraztuko zitzaizkiela esan zioten kotxe bat izanez gero, eta segituan eman zien amak baiezkoa. Biharamunean han agertu ginen ama eta biok gasolinazko motorra zuen autoarekin, eta beraiek, berriz, gaur berriro ere hain modan dauden sarezko poltsekin. Di-da batean egin genuen banaketa. Zelai-Ondo eta Itxasmendiko auzoetako ezkaratzetako buzoi guztietan sartu genuen propaganda, asko baitzegoen jokoan 1991ko foru eta udal hauteskunde haietan. Gerora etorri zen konpromisoa, alderdikide izateraino. Bittor Martiarenak, Nikolas Diezek eta Potxolok eman zidaten karneta Zarauzko Azarako batzokian. Harrezkero makina bat trenetan, busetan eta kotxeetan ibilitakoa naiz, leku batetik bestera, EGIkide garaietan ez zen-eta inoiz motorra gelditzen: batzarrak, kartelak eta jaiak. Beti izaten genituen zereginak eta ondo pasatzeko nahiko diesel.