Euskera eguna.

Euskera eguna. Aurkezpena Zarauzko udaletxean. 2010-11-30

Euskara bultzatzeko beharra plazara eta gizartera aterako du Zarautzek aurten ere, ostiral honetan, Euskararen Nazioarteko Egunean. Eta, urtero legez, jai giroan egingo du aldarrikapen hori, Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta herriko ikastetxeen arteko elkarlanari esker.  Jarduera guztien berri eman genuen atzo Olatz Dorrondoro (Salbatore Mitxelena), Arrate Makazaga (Orokieta),  Ander Ibarguren (Antoniano), Jon Arruti (Lasalle), Miren Egaña (Oteitza) eta Arantxa Echave (Institutua) ikastetxeetako ordezkariek.   

Antolatuko diren jardueren helburua euskarari dagokion garrantzia eta indarra ematea da, eta Euskararen Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta, normalizazio beharra eta urtean zehar horretarako egiten den lana gizarteratzea, euskararen etorkizunerako giltzarri diren haurrak partaide zuzen bilakatuz.

Hala, abenduaren 3an, guztira 5 urtetik 12 urte bitarteko ehunka haur ibiliko dira kalejiran, trikitilariek lagunduta: 9:15etan abiatuta, HH5-LH2 bitartekoak Aritzbatalde Udal kiroldegira joango dira; LH3-LH6 bitartekoak, berriz, Musika Plazara.

9:50ean, jaialdia izango da aipatutako bi guneetan. “Euskararen Eguna” letrak zintzilikatuko dituzte eta bertsoak eta zenbait euskal kanta ere abestuko dituzte trikitilarien laguntzaz. Berritasun nagusia, ordea, Anjel Lertxundiri egingo zaion omenaldia izango da, Musika Plazan. Idazlearen ‘Nire kuleroak’ laneko pasarteak irakurriko dituzte ikasleek.

Pasarte horiek pergamino txukun batean jaso eta emango zaizkio opari gisa, ikastetxe bakoitzak aukeratutako argazkiarekin batera, dedikatoria eta guzti. Aukera ezin hobea izango da Lertxundik euskarari egindako ekarpena eskertu eta irabazi duen azken Saiakera sariagatik ere zorionak emateko.

10:45etatik 11:50etara, berriz, musika eta dantza jolasak izango dira udal kiroldegiko pistan HH5 eta LH2 bitarteko ikasleentzat, Urtxintxaren eskutik. LH3koek Mozart txakurra filma ikusiko dute ordu berean Modelo zineman. Gaztelekuan, berriz, Disko festa izango dute LH4koek Jon Urbieta dj zumaiarrarekin. LH5 eta LH6 bitarteko gaztetxoek ere dantzarako aukera izango dute Makala dj zarauztarrarekin, Antonianoko kirol pistan.

Halaber, egun berean Urola-Kostako Hitza agerkariak eta Urola Kostako Udalek elkarlanean prestatutako gehigarria banatuko da ikastetxe guztietan. Abenduak 3, Euskararen aurpegiak Urola Kostan izenburupean, eskualdean euskararekin lotura duten ekimenen berri ematen da bertan, hainbat esparrutan: teknologia berriak, hedabideak, etorkinen integrazioa edota merkataritza. Arrakasta itzela lortu duen tropela.net webgunea, edo Mintzalagun egitasmoari buruzko elkarrizketek, erreportaiek eta iritziek dute tokia, besteak beste.

Bestalde, egunotan, joan den ostiralaz geroztik, herriko ikastetxeetako ikasleek grabatutako iragarkiak izango dira ikusgai Erlo telebistan, ordu ezberdinetan. Euskara eta Euskararen Eguna gaitzat hartuta Zarauzko 6 ikastetxeek 30 segundoko iragarki bana grabatu dute. Herriko ikasleak artista lanetan ikusteko aukera izango da, beraz.

Etxean eta kalean beti euskaraz, zabaldu!

Euskararen Egunerako Pegatina Lehiaketa ere antolatu du Euskara Zerbitzuak. Guztira 100 lan aurkeztu dira, eta Antonianoko Maider Zain Vicente izan da irabazlea. Gaurko prentsaurrekoan eman zaio saria, euskarazko kultur produktuak erosteko 100 euroko txartela. Epaimahaiak ere beste hiru lan aipatu ditu: Octavio Hauri (Antoniano), Gorka Lazpita (Ikastola) eta Ane Garciandiarenak (Ikastola). 30 euroko txartel bana jasoko dute. Parte-hartzaileen artean Xabier Lizardi Sariko XXV urteurreneko 10 liburu ere zozketatu dira.

Aurkeztutako lan guztiak Gaztelekuan erakutsiko dira abenduaren 6ra bitarte. Maider Zain, irabazlearen pegatina da Euskararen Eguneko egitarauan ikusi ahal izango dena. Sakeleko telefono moderno bat agertzen da, Etxean eta kalean, beti euskaraz leloarekin. Teknologia berrien garrantzia eta euskara plazaratu beharra uztartzerakoan bete-betean asmatu du Zainek.

Gaur egun ezinbestekoa da talde lana. Norbere kasa aritzeak ez darama inora. Talde lanak ematen du eraginkortasuna. Talde lana da etorkizuna. Erakunde, eragile, talde eta pertsonen arteko elkarlana. Horretan datza niretzat Zarauzko Euskararen Egunaren handitasuna. Euskara Zerbitzuak eta herriko ikastetxeek elkarrekin antolatu ditugula jarduerak, eta zerbait herrikoia izango dela, naturala. Ikastetxeetako haur eta irakasleak ez ezik, bestelako partaide asko ere bertakoak dira. Herritik eta herriarentzat egindako egitaraua izango da.

Zarautz  herri euskalduna eta euskaltzalea  da. Bizi-bizirik dago euskara, eta hori urte askotako eta pertsona eta kolektibo askoren meritua da. Zalantzarik gabe, ikastetxeak funtsezko eragilea izan dira da euskalduntze lan horretan. Beraz, oso esanahi berezia dauka egun honetan eurak izatea protagonista. 

Hala ere, ez dira patxadaz eserita egoteko garaiak. Asko egin da normalizaziorako bidean, baina ahuleziak badaude oraindik, eta horiek nola konpondu eta hobetzen nola jarraitu hausnartzeko aprobetxatu behar dugu Euskararen Eguna. Tamalez, herri honetako zenbait erakunde politiko ezbaian jartzen ari dira azken urteetan euskararen alde egindako lana, eta lortu dugun hori galtzeko arriskuan egon gaitezke. Beraz, Euskararen Egunak aldarrikapen kutsua ere baduela uste dut.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *