Izurriteak agerian utzi ditu herri honen autogobernuaren indarguneak eta ahuleziak. Osakidetza edota gure zaharren egoitzak, esaterako, ondo baino hobeto kudeatu dira eta bat-batean hartu dira erabaki erangikorrak. Aldiz, Sanchez presidenteak, gure herriko eskumenei burla eginez, aldiro-aldiro telebistatik aditzera ematen zituen pandemiari aurre egiteko erabakiak. Denok ari begira nola zapaltzen zituen orain arte lortutakoak, eta aldi berean ezin ezer egin, egoera larrian baikeunden.
Gaitza gainditzen ari garen honetan, beste kontu batzuk ditugu hizpide, besteak beste, euskararen osasuna. Hezkuntzan ez omen dira emaitza txukunak lortzen ari, eta kalean ere ez omen dugu gure aurrekoek egiten zuten maiztasunez egiten. Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, azkenengo adierazpenetan azaldu du bere kezka. Ez da berria eta Karmelo Landak ere bat egiten du egoera horrekin. Bi euskaldun, bi abertzale nahiz eta muturka dabiltzan bi alderditako kide izan. Nire ustez hortxe dago koxka. Gure artean ika-mikan gabiltzan bitartean besteak dira nagusi.
Euskara da euskaldunoi bihotzean taupada eragiten diguna. Hortaz, hasi gaitezen hemendik herri estrategi berria eraikitzen. Hezkuntza arloan akordio zabala eta behin betikoa lortzeko atarian omen gaude. Hori berri ona da. Bide horretatik jarraitu dezagun, urratsak emanez; batzuetan pausu txikiak izango dira, besteetan, berriz, jauziak. Denak dira beharrezkoak. Behingoz utz dieziogun soka-tiran aritzeari eta ekin diezaiogun, denok bat, arraunari.