Asteburu honetan, Donostiak Maria Cristina zubian eman dio hasiera Europako Hiri Kulturalari. Azken hamarkadan euskaldunok iraganean izan ditugun liskarrak eta ezin ikusiak ahaztu nahian gabiltza, eta, kultura lagun, etorkizuneko elkarbizitzaren zubi berria erakitzea erabaki dugu urte berriko lehen egun hauetan.
Zubi batek bi norabide ditu, sarrera eta irteera, eta kolore eta forma guztietakoak daude. Euskaldunok zubi bat eraikitzeari ekin diogun honetan, Espainian, gobernu berria osatzeko egin beharreko zubi lanak falta dira. Alderdi politikoetako buruzagiak izkina batean jarri eta ez dira mugitzen, ez dute ez atzera ez aurrera egiten, ulergaitza den jarrera itxia mantenduz. Orain arte Madrilgo gobernuak kolore bakarreko alderdi batek kudeatzen zuen, eta, bai batzuk, bai besteak agerian uzten ari dira ez daudela ohituta desberdin pentsatzen dutenen arteko adostasunak lortzen eta gobernu koloretsu bat osatzen.
Marra gorriak pintatu, gainditu ezin diren hormak jarri eta egon daitezkeen zubi txikiak suntsitzea omen da alderdi politikoen estrategia. Hortaz, zaila izango dute zubi egonkor bat eraikitzea, twitter bidez jarraitu daitekeen ikuskizun bihurtu dutenean negoziazio prozesu bat. Euskaldunok ez dugu Rajoy presidente izatea nahi eta berdin zaigu zein alderditakoa izango den hurrengoa; halaber, ondo dakigu, eskarmentua dugulako, gobernu sendoak adostasunak lortuz eta hitza betez eraikitzen direla.
Gure alderdi barruan, berriz, larunbat honetan hurrengo urteetarako bide-orria zein izango den erabaki dugu. Guk ere iragan hurbilean izan ditugu gure arteko desadostasunak eta inora eraman ez gaituzten borrokak, baina azkenengo hilabeteetan batzoki guztietan izan diren batzarretan, estatutuak berritu, txostenei iradokizunak aurkeztu eta hurrengo urteetarako burukideak hautatu ditugu, zubi lanean eta erabakiak eztabaida eta akordioetan oinarrituz.