Joan den asteazkenean Zarauzko EAJ-PNVk omenaldia egin zien alderdiaren eta herriaren alde guztia eta gehiago eman duten lau gizon-emakumeri: Kepa Murua, Nikolas Diez, Manuel Olazabal eta Lydia Miranda. Ekitaldi xume, baina eder eta hunkigarria izan zen. Batzokia gainezka, belaunaldi desberdinetako jendearekin, emozioak dantzan, eta gutako asko malkoei eusteko lanekin. Balio dezatela lerrotxo hauek omenduekiko nire miresmena eta esker ona adierazteko. Beti apal, beti zintzo eta beti esker oneko izan zaretelako. Lanerako prest beti. Ez bakarrik une gozoetan, baita latzenetan ere. Azken horietan neurtzen da pertsonen balioa, eta tamalez une zailak ere pasa behar izan ditu gure alderdiak eta gure herriak aspaldi luzean: ilegalizazioa, gerra, diktadura, trantsizioa, gatazka, zatiketa… Konpromisoa ez da hitzekin erakusten, baizik eta ekintzekin. Bizimoduekin.
Honaino iritsi baldin bagara, zuei eta zuek bezalakoei esker izan da. Jakin ezazue eredu zaretela eta izango zaretela beti guretzat. Egin dugu aurrera, eta jarraituko dugu aurrera egiten, Zarautz eta Euskadi aske, baketsu, solidario eta duin baten alde.