Batu gaitezen Urola – Kostan

Batu Gaitezen. Urola - Kostako taldea. Zarautz. 2010-11-20

Batu Gaitezen ekimenaren barruan ekitaldi berezia izan da gaur Zarautzen. Zarautz eta Getaria arteko joan-etorriko ibilaldia antolatu dugu kostaldetik, hainbat herritarren eta EAJ-PNVren Urola-Kostako hautetsiren parte-hartzearekin: zinegotziak, alkateak, legebiltzarkideak, hala nola Maria Eugenia Arrizabalaga, eta Diputatuak, Arantza Tapia, esaterako.

Batu Gaitezen ekimenak egiten duen bakearen eta erabakitze eskubidearen aldeko proposamena Urola-Kostako herrietan sustraitzea da gure helburua. Denon artean herriz-herri egin beharreko ekintzak zehaztuko ditugu, eta aipatutako balore horiek bailararen aurrerapen ekonomiko, politiko eta sozialerako duten garrantzia nabarmendu nahi dugu. Urola-Kostarekin eta giza-eskubide guztiekin dugun konpromisoa aldarrikatuz. Hau da egin beharrekoa.

Nire alderdikide den   Maria Eugenia Arrizabalagak azpimarratu duenez, Batu Gaitezen gipuzkoar jendarteari zuzendutako hausnarketarako proposamena da. Begibistakoa da PP eta PSOE haien estatu estrategia Eusko Jaurlaritzarik Gipuzkoako erakundeetara eramaten ahaleginduko direla. Egoera horren aurrean, herriari kompromiso bikoitza planteatzen diogu:  bizitza eta giza-eskubide guztiekin, alde batetik, eta gure herri izaera berretsi eta horren arabera dugun erabakitze eskubidearekin, bestetik.

Ibilbidea amaitzerakoan, zera azaltzen duen manifestua irakurri dugu:  “Guk, euskaldunok, abertzaleok, ezin dugu indarkeriarik onartu, ez ETArenik ez Estatuaren bidegabekeriarik. Giza eskubide guztiak pertsona guztientzat dira, bizitzarako eskubidetik hasita. Balio hau zaindu eta sendotu beharra daukagu gutako bakoitzaren baitan, eta baita ere gure elkarte eta herrietan. Ez baita libre bakea urratzea eta sufrimendua ereitea inoren bizitzan eta inongo herritan. Gure aldarria argia da: batu gaitezen printzipio honen inguruan”.

Batu Gaitezen-eko Urola-Kostako sustatzaileok ondorengo hausnarketa egin dugu:  “Gizakiak ez gara izaki isolatuak. Gizartekoak gara, izaki sozialak, alegia. Guk ere lur bat behar dugu bizitzeko eta hazteko, elkarte bat eta herri bat. Hemen aurkitzen dugu beste printzipio bat: ezin ditugu banatu norbanakoaren giza eskubideak eta eskubide kolektiboak, azken hauen baitan garatzen baitira aurrenekoak. Pertsonarentzat bizitzeko eskubidea dena, herrientzat existitzeko eskubidea da, bere ondorio guztiekin. Izan ere, herri orok, baita Euskadik ere, izateko daukan eskubideak berekin du beste herri baten menpeko ez izateko eskubidea eta bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidea.

Eskubidea dugu gure eredu sozial, kultural, ekonomikoa diseinatzeko eta hori gauzatzeko nahi dugun marko politiko eta juridikoa erabakitzeko. 171 urteko gatazka politikoa konpontzeko giltza izateaz gain, Euskal Herria arlo guztietan eraikitzen jarraitzeko motorra da erabakitzeko eskubidea.

Manifestuaren arabera, “Euskadik bere herri-eskubideen eta askatasunaren alde urrats bat egin nahi izan duen aldioro, bat egin dute indar espainolistek. 1930 hamarkadan hala egin zuten eta orduan ez zen ETArik. Eta hala egingo dute hurrengoan ere, ETAk su-etena emango balu ere, Euskadi Estatu auzia baita Alderdi Sozialistarentzat eta Alderdi Popularrarentzat, menperatu beharreko herria. Bada, abertzaleontzat, nazio auzia da eta aurre egin behar diogu gure herria ukatzera eta gure aurrerapena gelditzera datorren orori”.

Justizia soziala ere izan dugu hizpide. Krisi ekonomikoak astintzen gaituen honetan, , enpresan eta lanean aritzeko molde propio bat, hemen sortu eta garatua ahulenari eta zailtasunean dabilenari laguntzeko betebeharra. Kontua da gizakia jartzea erdigunean. Lana gizakiarentzat da, ez alderantziz; ekonomia, politika, herrigintza pertsonarentzat den bezala eta ez bestaldera. Gizakiaren bizitza duinago eta hobea egiteak neurtzen du jarduera ona eta aurrerakoia den ala eskasa eta atzerakoia den. Beraz, badugu zer landua alde horretatik ere gure bailaran, ez baitigu balioko bailara aberats bat izatea ondasunez, elkartasunez pobrea baldin bada”.

Oinarrizkotzat jotzen dugu elkarlana eta lidergo partekatua etorkizunari begira. Hurrengo belaunaldian pentsatu beharrean gara, geurea baita 2030eko gure bailara prestatzeko eginkizuna. Baina lan hori ezin dugu bakoitza bere kasa ibiliz egin. Batera eta batuta egin behar dugu lan, gobernatzeko molde berriak asmatuz, Europan ari diren bezala: arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana da kultura politiko berriaren gakoa, aipatutako gaiek ez dutelako itxiturarik onartzen. Batera eta batuta jardun behar dugu Udalek eta Foru Aldundiak nahiz Jaurlaritzak eta elkarrekin herri-erakundeok eta bailarako industria-sareak, Unibertsitateek eta gizarte eragileek. Halaber, gobernantza berrian funtsezkoa izango da herritarren esku hartzea herrigintzan. Eta batera eta batuta aritzeko, gure arteko batasuna eragingo duten balioak behar ditugu. Eutsi goiari !!!!.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *