Manolo Urbieta

Manolo Urbieta. Zarauzko 2010ko San Pelaio makila.

2010ko Zarauzko San Pelaio makila Manolo Urbietari ematea erabaki dute herriko elkarte gastronomikoek herriko jai bezperan. Turismo bulegoak ere babestu du erabakia, aho batez.  Zorionak !!!. Manolo Urbieta Beristain musikagile eta musika irakaslea Zarautzen sortu zen 1934an. Arantzazun eta Erroman ikasi ondoren, Filosofia ikasketak egin zituen Valentziako Unibertsitatean. Musika ikasketak, berriz, Donostiako Musika Kontserbatorioan egin zituen.

Gazterik sartu zen musikaren munduan, Zarauzko Irrintzi taldean 1957 inguruan. Abesbatza eta musika taldeak sortu zituen, horien artean Oleskariak zortzikotea, Naya orkestra eta abar. 1960ko hamarkadan haurrekin lanean hasi zen, kantuan eta ipuinak kontatzen, eta hortik sortu zen haurrentzat euskaraz egin den lehen grabazioa: Haur Kantariak (1967). Zarautzen musika-eskola bat sortu zuen, Hernanin beste bat eta Donostian beste bat: Xirula Mirula. Musika ondare unibertsala delako konbentzimendua izan baitu beti.

Musikak haurren heziketan duen garrantziaz jabetuta ikerketa asko egin du. Pedagogia arloko liburu eta disko asko eman du argitara. Zenbakiak eta koloreak erabiliz musika eta solfeoa ikasteko bideak esperimentatu ondoren, ikasbideak egin ditu. Psikomotrizitatea musikaren laguntzaz lantzeko ikerketak eta saioak oso garrantzizkoak izan dira bere ibilbidean, eta haurrentzako kantak, eskoletan musika egiteko bideoak, musika irakasteko metodoak eta abar egin ditu.

Ildo horretatik, haurrentzako kanta ugari egin ditu, 1.000tik gora behintzat. Horien artean, herrikoiak bihurtu diren makina bat: Txoria nintzela, Txiki txiki txikia, Land Rover, Mc Mikel, John Brown, Astoa ikusi nuen… Pedagogia arloko disko eta liburu asko argitaratu ditu. Hari esker, askoz ere atseginagoa izan da matematikak edo geografia ikastea.

Izan ere, Imanol Urbietarentzat, musika ez da inoiz helburu izan, bitarteko baizik. Filosofia eta musika ikastetak eginak izan arren, beti herri mugimenduekin, euskararekin eta euskal kulturarekin izan du lotura. Hala, Zarauzko ikastolako irakasle izan zen lehen urteetan.

Zarauzko folkore eta festekin ere harreman sakona izan du. Hala, 60ko hamarkadan, Euskalzaleak taldearen eskutik, Frankismoaren garaietan gainbehera zihoan Euskal Jaia biziberritzen lagundu zuen. Orduan sortu ziren Euskal Astea, eta Haurren Euskal Jai Eguna. Jose Antonio Azpeitiarekin batera, haurrengan euskara, musika eta euskal abestiekiko maitasuna pizteko sekulako ahalegina egin zuen.

Beste horrenbeste egin zuen San Pelaio festekin, ospakizun kutuna baita berarentzat. Nola ez, gaztetxoentzat ekitaldiak bultzatu zituen kasu honetan ere. Musika Eskolako ikasleen lehen jaialdia antolatu zuen. Gainera, Jose Antonio Azpeitiak eskatuta, Haurren Danborradarako piezak konposatu zituen hasieratik: Txerri kale giroan, Haurkari eta Zirrin-zarran.

Txerrik kale giroan kantua Txirula-Mirula Musika Eskola edo akademiaren omenez sortu zuen, kale horretan –gaur egungo Herrikobarra- bizitako egunen testigantza gorde zezan. Haurkari kantak, berriz, garai hartako Haurtzandegiaren inguruan egondako mugimendua dakar gogora. Lan handia egin behar izan zuen herritar talde batek berau aurrera ateratzeko, baina handik urte batzuetara itxi egin behar izan zuten araututako eta baimendutako haurtzandegia sortzeko. Zirrin-zarran-en kasuan, doinuak berak eskatu zion izenburu hori jartzea.

Hurrengo urteetan beste kanta bat gehitu zen danborradarako: Oi! Zarautz maite, Imanol Urbieta berak egina, Zarautzen bizi izan duenaren lekuko, eta herriko jaien bezperarako pare-parean zetorren abestia zelako. 1990az geroztik, azkenik, Goikoetxearen Diana Vals-ek osatzen du danborradarako bilduma. Zarauztarrentzat esanahi berezia duten kantak dira, oroitzapenak astintu eta iragana gordetzen dutenak.

Gaur egun ezin dira San Pelaioak ulertu haurren danborrada edo agerraldirik gabe. Nortasun propioa duen ekitaldia da, 32 urte beteko ditu aurten, eta bezperako unerik bereziena da, zalantzarik gabe.

Lan eskerga horregatik, ondo merezita du San Pelaioko makila Imanol Urbietak. Sari asko jaso ditu aurretik: Zarauzko Udalak Zarauzko Kultur Merezimenduaren domina eman zion 1996an; VIII. Donostiako Orfeoia-Euskal Herriko Unibertsitatea Saria eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Antton Abaddia saria ere eskuratu zituen, besteak beste.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *