Akordioa Gurekin Jairekin

Gurekin Jai batzordea.

Atzo Gurekin Jaiko ordezkariekin hitz egin nuen azken aldiz. Bilera asko egin ditugu azken asteotan eta negoziazio gogorra izan da hainbat unetan, baina azkenean akordioa lortu dugu. Txosnak Munoan jarri ahal izango dituzte, eta Udalak Kutxaren Kultur Zirkuituaren barruan antolatutako zein Gurekin Jaik aurreikusitako kontzertuak uztartuko dira programazioan. Biak konpatibilizatzeko ahalegina egin da, beraz. Gurekin Jairi zera eskatu zaio: egiten diren aldarrikapen guztiak, errespetuz eta inor mindu gabe egitea. Txosna eremuan kartel eta presoen argazkiak ez jartzeko konpromisoa hartu dute. Besterik da pertsona guztiek eremu pribatuan beren ideiak adierazteko dituen eskubidea, jakina (kamiseta edo pegatinen bidez, adibide bat jartzearren). Bestalde, lortutako dirua txosnen gastuei aurre egiteko eta haien jarduerak aurrera eramateko dela justifikatzeko konpromisoa hartu dute.

Halakoetan bi aldeek eman behar izaten dute amore zerbaitetan, eta lortu dugun akordioak ez du inor guztiz asetzen, baina babes gehien biltzen duena da. Zarauztarren arteko elkarbizitzaren eta errespetuaren aldeko akordioa lortu dugu, eta esango nuke tolerantzia ariketa praktikoa ere badela.

Denok dugu zer ikasi honetaz. Negoziatzen aritu garen bi aldeok, eta herriko elkarte eta eragile guztiek. Krisialdi ekonomikoaren, eta gori-gorian dagoen giro politikoaren ondorioz, animoak oso piztuta daude, eta denon artean gauzak baretzeko eta festak bake giroan ospatzeko ahalegina egin behar dugula uste dut. Antolatzen den guztia ez zaio mundu guztiari gustatzen. Hori begibistakoa da. Festako ekitaldi guztiek dakartzate zenbait eragozpen, baina baita onurak ere.

Esan bezala, Gurekin Jaik baimena izango du txosnak Munoan jartzeko, baina dirulaguntzarik ez du jasoko. Hala ere, uste dut hau lehen pausoa baino ez dela, eta hitz egiten jarraituko dugula gauzak normalizatze aldera. Ea festak bakean ospatzen ditugun.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *