Txosnak

San Pelaio jaiak. Zarauzko gaztetxoak udaletxe aurrean.

Maria Eizagirre Garatek  Diario Vascon  idatzitakoaren harira, argi eta garbi utzi nahi dut ez dela Zarauzko Udalaren asmoa, inolaz ere, “txosnak mapatik desagertaraztea”. Are gehiago, urtero baimenak ematen zaizkie herriko auzoetako festa guztietako txosnei, eta kirol talde eta elkarte sozialek antolatutakoei; garbiketan, edukiontzi berriak, komunak, hesiak eta oholtzak jartzerakoan, edo instalazio elektrikoarekin ere laguntzen zaie.

Horrelako jardueren atzean, Udalak bere egiten dituen eta bultzatu nahi dituen balore, printzipio eta politika batzuk daude: boluntariotza, herria eraikitzea, edota elkartegintza indartzea eta hainbat eragileren jarduera ekonomikoki ahalbidetzea. Gurekin Jai osatzen duten zenbait elkartek badute horren berri; zerbaitegatik aritu gara haiekin elkarlanean ekitaldiak antolatzerakoan inolako arazorik gabe.

 Udalaren laguntza jaso ahal izateko zenbait baldintza bete behar dira. Nagusietako bat da inor ez mintzea edo inoren sentikortasunari ez erasatea, beti ere errespetuaren eta elkarbizitzaren printzipioen arabera jokatuz. Hala jakinarazi izan diegu zarauztar guztiei, Gurekin Jaiko kideei barne. Hori da talde horrekin egin ditugun bilera guzti-guztietan mantendu izan dugun jarrera.

Presoen defentsak, honekin batera doazen kartelak, eta erabiltzen diren leloak samina pizten dute hainbat pertsonengan. Errealitate hori ukatzerik ez dago. Eta aldarrikapen horiek zilegitasun osoa baldin badute ere, udal batek ezin ditu diru publikoarekin lagundu txosnak ‘txiringito’ politiko bihurtu nahi dituzten eragileak, jarrera horrekin gizartearen zati handi batengan sortzen dute egonezina kontzienteki ikusi nahi ez dutenak, gainera. Ezin ditugu ahaztu ere behin baino gehiagotan txosna eremuan batzuetan argazki eta guzti agertu izan diren mehatxu eta irain-kartelak.

Denon helburua izan behar du txosnak festarako eta ospakizunerako amankomuneko espazio bihurtzea. Zarauztar guztientzat bilgune izatea, sentsibilitate politiko hau, bestea edo hura eduki, krispazio eta norgehiagoken gainetik. Hori da Gurekin Jairi plantetu diogun eta palnteatuko diogun eskenatokia. Ea San Pelaiotako festetako danbor eta barril hotsek hainbeste desiatzen dugun bakea dakarkiguten, eta jaiak istilurik gabe eta giro onean ospatzerik badugun. Guztion esku dago.

Interesgarriak:

8 comments

  1. Zer nahi duzu ba esatea, Imanol? Niretzat, txosnak ez dira edonorentzako espazioa. Nik, behintzat, ez dut festarik nahi ideologiak elektrodoz zapaltzera dedikatzen direnekin, hizkuntza gutxiesten dutenekin, alkohola eta tabernako estutasuna niri ipurdia ikutzeko aitzakitzat erabiltzen dutenekin… eta jarraituko nuke urtean zehar tabernetan eta bestelako festetan gertatzen diren erasoen zerrenda egiten. Zergatik ez duzue udaletik energia gehiago inbertitzen horiek konpontzeko, txosnei bake pixka bat emanda? Ez al da zentzudunagoa bakoitzari bere festa egiten uztea, inoiz izango ez den harmonia irreal batean egoskortzea baino?
    Dena den, puntu batean ados gaudela dirudi: herriko presoen aurpegiak argazkietan ikusi behar izateak niri ere mina ematen dit, min ikaragarria.

  2. Zuk, zarauztar guztion hitza errespetatzen ez duen udaleko gorbatadun gehienak bezelaxe, zelaiari ere ateak jarriko zenizkioke ikusi nahi ez duzuena ez ikusteko.

    Batetik, ondo dakizun moduan, presoekin elkartasuna adieraztea ez da delitua, ez hemen ez inon. Zuek kontrakoarekin amesten baduzue ere.

    Bestetik, presoen afera festa herrikoiekin nahastea oso maltzurra da. Txapel batekin bi buru estaltzeko jokaldi gaiztoa: jaien antolaketan dabilen jende zein talde guztion artean arazorik sortzen ez duen presoekiko elkartasunaren gaia arazo bihurtu eta bide batez zuen atzapar grisetatik kanpo dagoen jai herrikoien ereduarekin apurka apurka kakazteko…
    Izan ere zenbat eta zenbat jai herrikoi deuseztatu edo dirulaguntzarik gabe utzi al ditu zure alderdiak?.
    Hortaz hitz egin nahi Imanol? Adibideak nahi?

  3. Kaixo guztioi.
    Momentu honetan Gurekin Jaiko batzordeko bi kideekin hizketan eta negoziatzen ari gara. Lehenik eta behin esan beharra daukat agertzen ari diren jarrera oso irekia eta ulerkorra izaten ari dela.
    Ados nago, bai: bideoa izugarri polita dela, koloretsua, plurala, eta ondo diseinatua. Hauxe bera gertatuko balitz Gurekin Jaik antolatzen dituen txosnetan, inguruko kaletatik zenbait kartel eta paskin agertuko ez balira, eta denak toleranteagoak eta sensibleagoak izango bagina eta giza eskubide guztiak errespetatuko bagenitu, ez zen halako arazorik izango, ez Gurekin Jairekin, eta ezta bakea hainbeste desiatzen dugun eta gure herriaren erabakitzeko eskubidea defenditzen dugun zarauztarron artean.
    Berriz ere diot, ea festak modu baketsuan ospatzeko moduan gauden. Denon artean lortuko dugulakoan nago.
    Eskerrik asko komentarioengatik
    Imanol Lasa Zeberio

  4. baina Imanol, nora hua ideiak garatzeko gaitasun exkax horrekin? (alkatetzara iritsi nahi badek landu beharkoek pixkat geyoo…)

    nola esan leike presoen eskubideak aldarrikatzea txiringito politikoen lana soilik dela? EAJko txiringitoak defendatzeari utzi diolako? eta atzera, garai politiko lasaiagoak datozenean, zer, orduan berriz ere komenientzien arabera txiringito politiko izatetik «oinarrizko eskubideen defentsa izatera» pasatuko da?

    Eta bestalde, presoen eskubideak aldarrikatzea zilegi baldin bada, zergatik jarri oztopoak argazkiak agertzeari? BAtzuk mintzen direlako? Nor mintzen da? Baina aldarrikapenak ez al ziren ba zilegiak? Nori egin kasu? EAJk bi buru al ditu? edo buru bakarra, beti gauza berdinean pentsatzen…

    ui-ui-ui… oraingo honetan, lokatz handietan sartu haiz Elola eta konpainiari hortzak erakutsi behar ez izateagatik… eta lokatzak garbitzea, ez duk horren erreza.

  5. Pare bat zehaztapen, Ideologo:

    “Nola esan leike presoen eskubideak aldarrikatzea txiringito politikoen lana soilik dela?”. Hau zuk jarri duzu nire ahotan, nire testuan ez da halakorik aipatzen.

    “Zergatik jarri oztopoak argazkiak agertzeari? Batzuk mintzen direlako? Nor mintzen da?”. Nor mintzen den, eta zergatik min daitekeen ikusteko kapaz ez bazara, gaizki goaz. Errespetu osoz diotsut; inork ez dizkizu begiak irekiko, zuk ireki nahi ez badituzu.

    “Baina aldarrikapenak ez al ziren ba zilegiak?”. Jakina badirela. Eta hainbat gune eta erakunde daude ideia horiek defenditzeko. Baina festak guztiak elkartzeko eta batzeko eremu bezala ikusten ditut. Ez zatitzen gaituzten aldarrikapenak egiteko toki bezala. Azpimarra dezagun batzen gaituena, egin dezagun behingoz parentesi baketsu bat.

    Hori da eztabaida, ez EAJk presoen eskubideak gehiago edo gutxiago defenditzen dituen.

    Eskerrik asko komentarioengatik

    Imanol Lasa

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *