“TXIKI”ri omenezko gertaeren mozioa

Zarauzko udalbatzarrak atzo, “TXIKI” borrokalari antifrankistaren omenezko ekintzetan izandako gertaeren gaitzespen mozioa aztertu zen eta hau da onartu genuenea.
1975. urteko irailaren 27an, Frankoren erregimenak Jon Paredes Manot “Txiki” zarauztarra, Angel Otaegi azpeitiarra eta FRAPeko hiru kide afusilatu zituen. Azken lau urtetan ohi duen moduan, erregimen frankistaren, horren errepresioaren eta estatu kolpearen biktimen kolektiboak, Ahaztuak 1936-1977, frankismoaren biktima guztien omenezko ekitaldia deitua zuen pasa den iganderako, hilaren 27rako, ‘Txiki’-ren hilobiaren aurrean. Deialdi honek helburu argia eta zehatza zuen: merezitako omenaldia eskaintzea bost borrokalari antifrankisten oroimenez, Frankoren erregimenaren azken afusilatuen oroimenez, hain zuzen.

Bestalde, gogorarazi behar dugu Udaletxe honek gehiengo osoz onartu zuela, pasa den azaroaren 26an egindako osoko bilkuran, Gerra Zibilan eta diktadura frankistaren agindupean erahildako, exekutatutako edo desagertutako Zarauzko pertsona guztiei aitorpena erakustea.

Ahaztuak 1936-1977 elkarteak helburu bakartzat du Memoria Historikoari eta Egia, Justizia eta Erreparazioaren balioen defentsa eta lorpenari dagokiona, frankismoaren biktimentzat, bere osotasunean. Erregistroan legalki izena emana du eta bere estatutuek indarrean dagoen legediaren betekizun guztiak betetzen dituzte, bere jarduera guzti-guztiek bezalaxe.

Elkarte honek aurtengo “Gernika Bakearen eta Berradiskidetzearen alde” Saria jaso du.

Auzitegi Nazionalak era honetako edozein omenaldi edo ekitaldi ospatzea debekatu zuen igandean, Segi eta Ekin legez kanporatutako erakundeek antolatutako Gudari Egunarekin bat egiteagatik. Gertaera honek ‘Txiki’-ren senitartekoek haren hilobiaren aurrean merezi duen omenaldi sentitua eskaini ahal izatea galarazi zuen. Uste dugu halako gertaerak ezin larriagoak direla, eta agerian uzten dituztela oraindik ere euskal gizartean frankismoaren eta terrorismoaren biktimak maila berean aitortzeko dauden zailtasunak.

Guzti horregatik, EAJ-PNVk, EB/ARALAR eta ALKARBIDE-k eskatzen dute aurkezten duten ondoko presazko mozioa eztabaidatzea eta onartzea.
____________

1. Zarauzko hilerrian pasa den igandean, irailaren 27an, izandako gertaerak gaitzetsi eta gure elkartasuna adierazi Jon Paredes Manot “Txiki”-ren senitarteko eta lagunei.
2. Eusko Jaurlaritzari ondokoa eskatzea: errektifikazio bat, “Txiki”-ren familiari barkamena eskatu diezaiola haren heriotzaren urteurrena oroitzea galarazi izanagatik, Udal honi Ertzaintzaren txostena bidali diezaiola gertatutakoaren inguruan, eta beharrezko neurri guztiak hartu ditzala frankismoaren biktima guztiak omendu eta oroitzeko.
3. Auzitegi Nazionalari eskatzen diogu lehenbailehen errektifikatu dezala, eta afusilatutako borrokalari antifrankisten oroimenez omenaldiak ospatzeko eskubidea bermatu dezala.
4. Salatu nahi dugu ETAk antifrankista hauen heriotzak erabiltzea bere existentziaren jarraipena justifikatzeko. Gogoratu behar dugu, bai Zarauzko herriak eta bai euskal herriak behin eta berriz eskatzen diola bere desagerpena.
5. Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Memoria Historikoaren esparruan eta Egia, Justizia eta frankismoaren biktimen erreparazioaren balioen alde egindako lana aitortu.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *