Ayuso enbataren ondorioak aztertzen ari ginela, Eskoziatik iritsi zaigu, beste behin ere, Sturgeonen haize freskoa. Batak arinkeriaz desitxuratu du askatasuna; besteak, ordea, askatasunez gidatu nahi du bere herria burujabetzarantz.
Madrilen ez du askatasunak irabazi, ezta politika jardunak ere. Astearte gauean aspaldiko mamu zaharrak agertu zitzaizkidan berriro ere Genovako irudiak ikustean. Nik Aznar ikusi nuen han. Betiko jauntxoak, gazte iruditan betiko mezuak zabaltzen. Lehen erabakien artean zergak jaitsiko dituela zioen, behin eta berriro, Madrilgo presidenteak. Erne diskurtso horrekin! Askatasunaren alde aritzea da gizon-emakume askez osatutako herri librea aldarrikatzea: kalitatezko osasun publikoa, doako hezkuntza, enplegu duina eta inor kale bazterrean uzten ez duen aukeraz beteriko herrialdea da aske. Hortik aurrerakoak, hitz merkeak eta propaganda hutsa. Gaueko hamarretan terraza batean garagardo bat hartzea plazer ederra da, baina hori baino askoz gehiago da askatasuna.
Aukeran, nahiago dut garagardo hori Eskoziako pub batean hartu. Han, patxadaz baina etenik gabe doaz aurrera. Urratsez urrats libre izatea erabaki dute, inor zapaldu eta mindu gabe, akordioak eskainiz eta Europako gainerako herrialdeekin bat eginez.
Uda gainean dugula, berehala ohartuko gara Ayusoren haize berri hori ero haizea izango dela. Horrelakoek ez dute lekurik gure herrian, baina agian ondo etorriko litzaiguke erakutsi digun freskotasun eta lotsagabekeria punttu hori; besteak beste, hori ere beharrezkoa izango dugulako Sturgeonek erakutsitako bidea gurera egokitzeko.