Haize berri, ero haize

 

sturgeo

Ayuso enbataren ondorioak aztertzen ari ginela, Eskoziatik iritsi zaigu, beste behin ere, Sturgeonen haize freskoa. Batak arinkeriaz desitxuratu du askatasuna; besteak, ordea, askatasunez gidatu nahi du bere herria burujabetzarantz.

Madrilen ez du askatasunak irabazi, ezta politika jardunak ere. Astearte gauean aspaldiko mamu zaharrak agertu zitzaizkidan berriro ere Genovako irudiak ikustean. Nik Aznar ikusi nuen han. Betiko jauntxoak, gazte iruditan betiko mezuak zabaltzen. Lehen erabakien artean zergak jaitsiko dituela zioen, behin eta berriro, Madrilgo presidenteak. Erne diskurtso horrekin! Askatasunaren alde aritzea da gizon-emakume askez osatutako herri librea aldarrikatzea: kalitatezko osasun publikoa, doako hezkuntza, enplegu duina eta inor kale bazterrean uzten ez duen aukeraz beteriko herrialdea da aske. Hortik aurrerakoak, hitz merkeak eta propaganda hutsa. Gaueko hamarretan terraza batean garagardo bat hartzea plazer ederra da, baina hori baino askoz gehiago da askatasuna.

Aukeran, nahiago dut garagardo hori Eskoziako pub batean hartu. Han, patxadaz baina etenik gabe doaz aurrera. Urratsez urrats libre izatea erabaki dute, inor zapaldu eta mindu gabe, akordioak eskainiz eta Europako gainerako herrialdeekin bat eginez.

Uda gainean dugula, berehala ohartuko gara Ayusoren haize berri hori ero haizea izango dela. Horrelakoek ez dute lekurik gure herrian, baina agian ondo etorriko litzaiguke erakutsi digun freskotasun eta lotsagabekeria punttu hori; besteak beste, hori ere beharrezkoa izango dugulako Sturgeonek erakutsitako bidea gurera egokitzeko.

Jarraitu irakurtzen

Gure esku dago

Gure esku dago ekimena. Zarauzko munoa. 2014-02-09. Lorentxo Portularrumeren argazkia.

Makina bat herritar elkartu ginen atzo goizean Munoan, Gure Esku ekimenaren baitan antolatutako ekitaldian. Ederra joan zen ekitaldia, eta ederra atera zen mosaiko modura antolatutako Ikurriña. Beste behin, argi eta ozen esan genuen hemen badagoela bere etorkizuna erabaki, eta bere geroaren jabe izateko desioa eta borondate irmoa duen herri bat. Datorrenari itxaropentsu eta gogotsu begiratzen dion herria. Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak atzo bertan Noticias de Gipuzkoa egunkariak egindako elkarrizketa bikainean esan bezala, “katea ez da eten”. Munduan merezi duen eta dagokion tokian eskuratu nahi du Euskadik. Munduari begiratu, gure sustraiak, nondik gatozen, ahaztu gabe, gure iragana eta etorkizuna oraina landuz eta erronkak gaindituz lotu. Mosaikoa osatuta, bakoitza bere koloreko kartulinarekin, zera adierazi nahi izan genuen: gure herri nortasunaren defentsa batzen gaituena, eta guztiok asko dugula egiteko, bakoitza bere esparrutik, ekonomian, herrigintzan, kulturan, politikan, kirolean, etxean, kalean… edonon.

Zarautzen, aspaldian ez zen antolatzen ideologia desberdineko hainbat pertsona biltzen zituen ekimenik. Pozik egoteko modukoa bada. Elkarbizitzaz eta berradiskidetzeaz, hitz egiten dugunean, halako aurrerapausoak ematea oso inportantea da. EAJ-PNVk itsasargi izan ditu beti norbanako eskubideen defentsa, lehenik eta behin, eta herri gisa erabakitzeko eskubidearena. Ardatz horiek eraman gaituzte herri honen sentsibilitate nagusiarekin konektatzera. Harro jarraituko dugu ezaugarri horiekin bat datozen ekimenetan parte hartzen, batzen gaituena azpimarratuz, eta desberdintzen gaituenari buruz akordioak lortzen hasteko ateak irekiz. Talde lana, elkarlana, lidergo partekatua… hau da jarraitu beharreko bidea, mosaikoa beste esparru askotara ere eramateko kapaz izan gaitezen.

Jarraitu irakurtzen