Gabonetako argiak

Zarautzek ongietorri beroa eman zion ostiral gauean  Gabonei. Murkil, Zarauzko Merkatarien Elkarteko zuzendaritzako kideek sakatu zuten argiak pizteko botoia, Marian Urkia presidentea buru zutela. Modu horretan argiak mantentzeko egiten duten ekarpena eskertu nahi izan ditu Turismo Bulegoak, eta baita urtean guztian zehar herriko kultur eta aisialdi agenda biziberritzeko antolatzen dituen ekimen desberdinak ere. 

Energia-kontsumoa eta gastu ekonomikoa murriztearen aldeko apustua da aurtengo ezaugarri nagusia. Udalak sinatuta duen Aalborgeko konpromisoari jarraiki, Zarautz aitzindari izan da azken urteetan Euskadi mailan Gabonetako argietan kontsumo baxuko argiak sartzerakoan. Iaz, berriz, aurrerapauso handia eman zen, aurreneko aldiz, ikasleek Agenda 21eko eskolen osoko bilkuran egindako eskaerari erantzunez, iluminazio guztia LED motako mikro-bonbillekin osatu baitzuten.

Aurten neurri horrekin jarraitu dugu, eta kontsumoa 21.697 watiokoa izango da, guztira. Horrek esan nahi du %83 aurreztuko dela duela bi urtekoarekin konparatuz (131.880 watioko kontsumoa). LED argiek potentzia ahulagoa dute ohiko argien aldean, baina figura eta objektu desberdinei forma ematea errazten dute. Uste dugu emaitza jendearen gustukoa izango dela, eta iluminazioa dotorea eta kalitatezkoa izango dela.

Ondorengo puntutan kokatuko dira argiak: San Frantzisko, Ipar, Zigordia, Gipuzkoa, Azara eta Nagusia kaleak; Bizkaia kaleko bigarren biribilgunea, Zarautzen sartzeko biribilgunea (N-634), Urdaneta kaleko biribilgunea, Zelai-Ondo plazako biribilgunea, parrokia; Vista Alegre eta Itsas Mendiko sarrerak; Musika Plaza, Merkatu Plaza, Udaletxe Plaza, eta Udaletxea. Aurreneko aldiz, LED motako argiak izango dira Udal-egoitzako aurreko aldean.

Apaingarriak egunero piztuko dira arratsaldeko seietatik gaueko hamarrak eta erdira arte, abenduaren 3tik hasita eta urtarrilaren 6ra bitarte. Iazko ordutegiari eutsi zaio beraz. Pasa den urtean nabarmen murriztu zen ordu kopurua. Argien aurrekontua 8.000 eurotan jaitsi da, baina hala ere, aurreko urtearekin alderatuta, argiak mantendu dira auzoetan; hori zen lehentasunetako bat. Gastuen murrizketa San Francisco, Zigordia eta Azara kaleetan argi gutxiago jarri direlako lortu da, besteak beste.

Egungo egoera ekonomiko latzak eskatzen duen zorroztasunaren, energia aurrezpenaren (LED argiak askoz ere garestiagoak dira) eta argiak mantentzeko desioaren arteko oreka bilatzen saiatu da Turismo Bulegoa. Gabonetan herriari giroa, bizitza eta kolorea ematen dizkion, eta jendeak eskertzen duen elementua da. Merkatari eta ostalariekin batera, kaleei itxura atseginagoa eta beroagoa ematen saiatuko gara, batere errazak ez diren garaiotan merkataritza sustatu asmoz.

Guzti hori Murkilekin izandako elkarlanaren ondorio da, urtero merkatariek diru-ekarpen bat egiten baitute Turismo Bulegoarekin batera argien gastuei aurre egin ahal izateko. Uste dut eskertzekoa dela egin duten ahalegina, batez ere une hauetan, edozein gastu, txikia izan da ere, asko nabaritzen denean. Zorionak eta ondo pasa egun hauek !!!!.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *