Aspanovas eta Mobi Bik eguna

Hilaren 20an Aspanovas Gipuzkoa Haur Minbizidunen Guraso Elkarteari laguntzeko jaialdi berezia egingo dugu Zaratzen aurreneko aldiz, Mobi Bik Eguna izenpean.
Aspanovas Gipuzkoa da antolatzailea, Turismo Bulegoarekin elkarlanean. Atzo aurkeztu genuen ekimena, parte-hartze zabala izan zuen prentsaurreko batean: bertan izan ziren Txomin Arruti eta Alberto Gonzalez Txabarri elkarteko presidentea eta idazkaria, hurrenez hurren, Imanol Lasa Turismo zinegotzia, Markel Irizar eta Haimar Zubeldia ziklistak, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Guztiak izango dira festaren partaide, kirolaro, kulturari eta telebistari lotutako hainbat pertsona ezagunekin batera. Eguna bizikleta irteera ireki batekin hasiko da, hain zuzen. Haimar eta Joseba Zubeldiak, Irizar berak, Mikel Astarlozak, Amets Txurrukak eta Euskaltel Euskadi taldeak parte hartuko dute, ia osorik. Igerain plazatik atera, eta Zarauzko auzo guztiak zeharkatuko dituzte, itsas-pasealekutik igarota. Hori da ibilbideko zatirik zabalena eta politena, eta txirrindulari eta gaztetxoen arteko harremana sustatzeko egokiena. Txabarrik azaldu zuenez, haurrek haien idoloekin batera joan ahal izatea, “hitz egitea, ukitzea, eta gozatzea” da helburua.Irizar bera izan da, hain zuzen, ekimenaren bultzatzaileetako bat. Bere garaian barrabiletako minbizia gainditu zuen. Bai berak eta bai Haimar eta Joseba Zubeldiak harremana zuten Aspanovaseko kide den familia batekin. Harreman horri esker izan zuten elkartearen berri. Jatorrizko asmoa irteera ziklista bat antolatzea zen, baina Aspanovasekin eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin bilerak egin ahala, egitasmo potoloagoa bihurtuz joan zen: “Lan talde polita sortu da. Hamaika ate jo ditugu, eta erantzuna izugarria izan da”, adierazi zuen Irizar, pozik.Eguerdian, bertso saioa izango da Andoni Egaña, Xabier Euzkitze, ‘Mantxi’ eta Uxue Alberdirekin, besteak beste… Ekitaldi guztien helburua mezu positiboa eta alaia helaraztea denez, Wazemankeko aktoreen girotuko dute saioa. Herri kirolak ere izango dira Izeta anaiekin, eta musika Oreka Tx, Zarauzko Abesbatza, Labrit Zabala, Demode Quartet eta hainbat gonbidaturekin. Mahai informatiboak paratuko ditu Aspanovasek bere jardueren berri emateko, eta haurrentzako eskulan tailerrak antolatuko dira.

Arratsaldean ere izango da zer ikusi. Polikiroldegian, taldekako ginkana egingo da herri kiroletan oinarrituta. Bertan hainbat aurpegi ezagun arituko dira nor baino nor. Txirrindulariak ez ezik, Kepa Peñagarikano bezalako pilotariak, Ion Eizagirre erremontista profesional ohia, Enbatako arraunlariak, errugbi taldeko kirolariak, Cristian Pielhoff bezalako aurkezleak, Jose Luis Korta… Giro alaia eta ‘pike’ sanoa sustatu nahi dute. “Kortarekin, ziurtatuta dago”, esan zuten anolatzaileek. Arritxu Iribar kirol kazetariak eta Anjel Alkainek jarriko dute gatza eta pipera, ginkana zuzenean komentatuz.

Ondoren, frontoian, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ikuskizun berezia eskainiko dute frontoian. Abesti ezagunak kantatuko dituzte ospetsuekin batera, Oskorrik Gabonetan ETB1en eman ohi duen kontzertuaren antzeko formatuarekin, “baina hobeto kantatuz”, argitu zuen Porrotxek, aurkezpenean bildutakoen algara artean. Atsedenaldietan hainbat opari zozketatuko dira, goi mailakoak gainera: Lance Armstrong eta Alberto Contadorrek sinatutako maillotak, Patxi Usobiaga edo Alberto Iñurrategiren materiala, Ken 7-k sinatutako diskoa… “Egia esan, pertsona askok egin dute bat gurekin, eta laguntza hori eskertu nahi dugu”, esan zuen Irizarrek.

Txokolatada batekin amaituko da eguna. Zozketarekin eta ikuskizunaren sarrerekin lortutako dirua Aspanovas Gipuzkoarentzat izango da. Gaurtik aurrera eros daitezke sarrerak, internet bidez, Prentsaurrekoan bildutakoek gogorarazi zutenez, minbiziak eragiten ditu haurren artean heriotz gehien gure gizartean, auto istripuen atzetik. Indarra eta alaitasuna minbiziaren aurkako borrokan ezinbestekoak direla azpimarratu zuten, halaber, “Kontraesana badirudi ere, umore ona da botikarik onena. Gaixotasunarekiko distantzia hartu beharra dago, gaixotasunari aurre egin ahal izateko”, adierazi zuen Txomin Arrutik. Guzti horregatik, festarekin bat egiteko eta dibertitzeko dei egin zioten mundu guztiari.

Mobi Bik izenaren nondik norakoa azaldu zuen Arrutik: “Mobi mugimenduarekin identifikatzen da. Martxan jartzea, eta aktiboki inplikatzea. Bik bizikletatik dator, eta bizitza eredu osasuntsua, eramangarria eta gertukoa irudikatzen ditu”. Herman Melvillek XIX. mendean idatzitako nobela famatuarekin ere badu lotura. “Obra horren irakurketetako bat gaizkiaren pertsonifikazioa den animaliaren aurkako borroka da”. Informazio gehiago edo Aspanovasekin harremanetan jarri nahi dutenek info@aspanovasgipuzkoa.org helbidera idatzi, edota 943 245620 edo 656 755221 telefonoetara idatzi besterik ez daukate.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *