Aste berri bat, notizi berriak ?.

Aurreko astean berri ugari izan genituen. Ez ziren danak txarrak izan, baina oraindik badaude erantzun gabeko galderak. Zer dela-eta agindu ditu Garzon epaileak Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Rufi Etxebarria eta ezker abertzaleko beste zazpi burukideren atxiloketak? Zer dela-eta atxilotu, hain zuzen ere ezker abertzaleak –ezker abertzaleak bere osotasunean- soilik politika eta demokraziazko bideetatik zinez jo dezan ahalegin sendoa egiten ari direnak? Zer dela-eta baztertu ETAk behin betiko bere estrategia armatua uztea nahi dutenak?… .Horiek geure Herriko gehientsuenok pasa den astean geure buruei egin genizkion galderak.
Eta erantzuna –Ares jaunari gustatzen ez bazaio ere- bistakoa da: Estatuari ez zaiolako interesatzen ETAk bere armak uzterik, ETA desagertzerik. Eta zergatik ez dute ETA desagertu dadin nahi? Borroka armaturik gabeko eszenatokian, aukera sortzen zaiolako Herri honi Estatuak kontrolatzen ez dituen mugimenduak abian jartzeko.

Askotan esan izan dugu Lizarra Garaziko gure hitzarmenak piztu zuela baita ere, PSOE-PP ren arteko estrategia bateratua. Eusko Legebiltzarrean Ibarretxeri botoa ematen Josu Urrutikoetxearen argazkiak, Espainiako alarma guztiak piztu zituen. Legebiltzar hartan nagusitzen zen gehiengo abertzale hura, oso beldurgarri egin zitzaion Estatuari, sinestuta baitzegoen sekula santan gauzatuko ez zela ekimen bateratu abertzalerik.
Gure Herriaren historian iragana eta geroa -ordura artekoa eta ordutik aurrerakoa- bereizi zituen gertakaria izan zen Lizarra Garazi; eta gertatuak gertatu, azken hamarkadan geure Herriaren bakea eta normalkuntza prozesuetan eman diren aurrera pausoak garrantzitsuak izan dira oso.
Bake bidean, Lizarra Garaziko hartan, borroka armatua ezinbestekotzat ikusten zutenetatik asko konturatu zitzaizkigun, soilik politika eta demokrazia bide hartuta lehenago egiten genuela herri bezala aurrera.
Eta normalkuntza politikoa lortu ahal izateko garbi azaldu zitzaigun, guztiok geure eginda barneratu genuen ideia: gatazka politikoa askatzeko nahitaez aitortu beharko zela Euskal Herriaren herri izaera, eta hortaz bere autodeterminazio eskubidea.
Baina esan bezala, Lizarra Garazik ere ekarri zuen Estatuaren esaneko diren alderdien ekimen bateratua; PPk eta PSOEk akordioa zuten hitzartu, non bazterrean utziko zituzten Espainiako haien desberdintasunak euskal arazoari zegozkionak eutsi beharko zituztenean. Eta honela hitzartu zuten geure Herri honetan ez zegoela inolako gatazka politikorik, biolentziazkoa zela soilik arazoa. Haien lehenengo helburua euskal abertzaletasuna erakundeetatik kanpo uztea izan zen, eta horretarako –lotsagabekeria guztiz- herri honetako lagun multzo bati, haien askatasun eta eskubideak moztuta, legez kanpo izendatu zuten ezker abertzalea. Jakin bazekiten hura zela legebiltzarreko zenbakiak haien aldekoak izan zitezen, modu bakarra. Eta hauteskundeak Eusko Alderdi Jeltzaleak irabazi bazituen ere -84 mila botoen alde- hitzarmena sinatu zuten, zeinari esker Patxi Lopez izanen zen Lehendakari, herri honetako gehiengo politiko eta soziala abertzalea dela aintzat hartu gabe.
Baina PPSOE-estrategia bateratuak ez du esandakoetan bere azkenik; denbora da orain behar dutena haien azken helburua lortzeko, euskal bereizitasuna urardotzeko –diluitzeko-. Eta hortxe dituzte Rubalcabak eta Mayor Orejak, Arnaldo eta gainontzekoak haien planak hankaz gora bota nahian. Zer gertatuko baitzen ezker abertzalearen barne munduan jorratzen ari zirenak fruitu onekoak izan, eta ETAk –behin betiko- bere armak uztea adostuko bazuen? Zer gertatuko baitzen ezker abertzaleak –bere osotasunean- soilik eutsiko balio politika eta demokraziazko bideari? Zer egingo zuten orduan Perez Rubalkabak, Zapatero presidenteak eta euskal sozialistek? Nola beharko zuten arrazoitu ezker abertzalea ezin aurkeztuko zela datozen hauteskundeetan?.
Guztia horretan datza: Estatuak ezin onar dezakeela kontrolpean izango ez duen eszenatokiren aterik irekitzerik. Esatea gogorra bada ere, egia biribila da ETAren desagerpena interesatzen ez zaiena; eta, etika eta moral ukipenetik harago, politikoki ETAren biolentziak euskal abertzaletasunari egiten dio egiaz kalte; …. eta batzuen kalteko, besteen onurako…, oreka hor dago. Noren onurako? Atxiloketak agintzen dituzten horienganako, ezker abertzaleak politikarik ezin egin dezakeela esan dutenenganako, ETAren biolentzia gaitzetsita ere.
Horra errealitatea. Horrexegatik sutan jartzen dira, Ares eta atzetik duten hedabide talde guztia, Egibarrek ageriko egiten duenean; eta irainka ari dira. Baina GBBren presidenteak esan bezala, darabilten mihi-dantza, haien argudio faltaren isla da.
Kakoa orain ETAk egingo duen horretan dago. Ikusteke dago erreakzionatuta, ETA jabetuko ote den borroka armatuari eutsiko badio, soilik Estatuari –aurka ari zaionari- egingo diola mesede; eta aldiz politika eta demokraziazko bideetatik soilik eginda, ateak irekiko direla, eta zabal irekiko, adostasuna lortzeko Herri hau izan badela defendatzen dugunen artean, haren erabakitze eskubidearen aldekoen artean. Jakin baita, aurkaria, gomendioetarako… .
Horiek, ez aipatzeagatik herri honetako gehiengoak duela askotxo eskatua diola, utzi ditzala bere armak behin betiko.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *