Andereño aitzindariak, aitortza eta gorazarrea.

Nekane Auzmendi (beheran), Kontxita Beitia (goian ezkerrean) eta Mari Karmen Oiarbide (goian eskuinean).

Gaur Diario Vasco eta Berria periodikoak Koldo Tellatu Ikastolen Elkarteko presidenteak idatzitako iritzi artikuloa kaleratzen dute. Oso interesgarria. Hola dio.
Euskal nortasuna berreskuratzeko lanaren oinarri sendoenetako bat izan zen ikastolen mugimendua, XX. mendearen azken berrogeita hamar urteetan. Euskararen batasunarekin batera, ikastolak indar eragile ezinbestekoa izan ziren, hizkuntza eta herrigintza ikuspegi bat berreskuratzeko». «Gizartearekiko atxikimendua, askatasuna eta Euskal Herriaren izatea oinarrizko balioak izan ziren ikastolen hezkuntza proiektuan».
Bi perpaus horiek azaltzen zaizkigu iragan aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere Ahaldun Nagusi Markel Olanoren ahotik, instituzioaren aurtengo urrezko domina ikastoletako andereño historikoei emango zaiela iragartzeko erabilitako idatzian. Sorrerako balioen jarraitzaile gaur egun, ikastolei ez zaie inoiz orain arte aitortza hain nabarmenik eta sakontasun honetakorik egin inongo instituzio publikoren aldetik, ni gogoratzen naizela behintzat. Erabaki honen aldeko argudioen hezurdura osatu dutenek ongi ezagutzen dituzte ikastolak barrutik. Idatzian ez dute ahaztu familien garrantzia, alegia erdi klandestinitatean, edo klandestinitate gordinean hainbatetan, inprobisatutako ikasgela haietara seme-alabak bidaltzen zituzten haiena. «Ikastolak bi zutabe nagusi izan zituen: batetik, gurasoak, seme-alabentzat euskal hezkuntza ziurtatzeko abenturari aurre egiteko prest», dio. Bestea, hain justu omenaldirako hautatutako helburua da: «Irakasleak, euskarazko irakaskuntza garatzeko atxikimendu ikaragarriaz, baina lan egoera oso larrian». Ez dute albo batean utzi ikastolek ekarri zuten berrikuntza ere. «Hastapenetatik ikastolak hezibide berritzaileetan barrena abiatu ziren, munduari zabalik, pedagogia ikuspegi aurreratuak aintzat harturik, euskal gizartean modernizazio indar handi bat eraginez». «Orduan sortu ziren ikastola aitzindari haiek gaur bete-betean dira euskal hezkuntza sistemaren partaide», esanez amaitzen da idatzia. Esandakoa, ez die funtsezko zehaztapen izpi bakarrak ere ihes egin. Sentimenduak eta emozioak borborka ateratzen dira halakoetan. Lerrook idazten ari den hau hirurogeiko hamarkadaren amaiera hartan ikastolan jardundako belaunaldikoa baita, Gasteizko Olabidekoa hain zuzen ere. Nik dakidanez, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia ere ikastolan aritutakoa da, Beasaingoan preseski. Zalantzarik gabe, ikastoletan ontzat hartzen ditugu lausenguok, eta batez ere isladatuta ikusten dute euren burua, apaltasun faltsurik gabe esanda, Diputazioak egiten dituen oharpenetan. Konpromisoa herriarekin, konpromisoa kalitatearekin, konpromisoa modernitatearekin, jardungai historikoak dira guregan, gaur arte belaunaldiz belaunaldi igorritako lekukoa. Maitatuak izatea atsegin zaigu, noski. Baina hori ez da oztopo ohartzeko osotasun bateko atala garela. Eta osotasun hori borobiltzen dute hezkuntzako arlo desberdinetako profesionalek, baita ere gurasoek, beste hezkuntza-sare batzuetatik abiatuta guk bezala modu erabakiorrean ahalbidetu zutenek orain goraipatzen diren goiburuak. Egia da izan guri une aproposean datorkigula Gipuzkoako Diputazioaren aitorpen hau. Barne eta kanpoko hazkunde garaian gaude. Sortu berria dugun europar kooperatiba da etorkizunaren batailarako gure ibilgailua. Ehunurtekoaren hastapen honen ikuspuntutik, curriculum propioa da, lehen proposamen bat mahaigaineratu dugularik jada, XXI. mendean euskal gizarteari egin nahi diogun ekarpen nagusia, iragan mendean Euskara eskolan sartzea izan zen bezala. Baina ikastolak badira Diputazioaren aitortza jasotzen duen proiektua, giza-sena da esker onaren jopuntu nagusia, eta hain justu gure andereñoak, hasierako haiek oraingoan. Berez irakasle guztiak biltzen dira erabakian, berdin gizonezkoak zein emakumeak, garaiko halamoduzko ikasgeletan, bertako arduradun nagusi, lehen urratsak egin zituztenak, baldintzarik gogorrenetan, zailenetan. Irmotasunetik, kemenetik eta etorkizunarenganako konfiantzatik bakarrik egin daitezkeen urrats horiek. Bereziki orduko orainaldian, zalantza eta mehatsuz beteriko hartan. Duela bi urte, Tolosako Leidor aretoan burututako ekitaldi xume bezain zintzo eta zirraratsuan, ikastoletatik adierazi genien gure andereño aitzindariei jada gure maitasuna, esker ona eta, zergaitik ez esan, gure miresmena, gu orain burua harro gabiltzan bidea urratzen asmatu zutelako. Badakigu eurek ere, guk guktiok bezala, berotasunez gordetzen dutela memorian Tolosako hitzordu hura. Txalotu egiten dugu orain gure geletako lehen dama haiei iristen zaien aitortza instituzional hau. Jendartearen eta instituzioen txalo hau merezia dute. Zorionak. Guri, EUSKAL HERRIKO IKASTOLAK Europar Kooperatiba Elkartetik, aitortzagatik Diputazioari publikoki eskerrak ematea dagokigu. Horra hor ba: bihotz-bihotzez, eskerrik asko.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *