Eskerrik asko Zarautz

Zarautz. Desertu txikia. Itsas pasealekua.

Atzokoa nire azken Osoko Bilkura izan zen Zarautzen. Zuekin partekatu nahiko nituzke prestatutako hitzak, nire esker ona adierazteko. Bide bat bukatzen da, baina bidea ez da bukatzen. Adiorik ez!:

Gaurkoa izango da nire azken Osoko Bilkura Zarauzko Udalean. Hitz hauek prestatzen hasita, lehen gauza ustekabea izan da. Ustekabea, zinegotzi izan naizen denboran pensatzen hasterakoan. 2003an hasi nintzen. Hiru legealdi oso izan dira -2003-2007, 2007-2011, 2011-2015- eta oraingoaren zati bat. 13 urte. Denbora honetan, nire akats eta nire dohainekin, saiatu naiz neukan onena ematen, zarauztaurron alde lanean. Eskola aparta izan da etapa hau. Ikasketa prozesu sakona. Politikaz, eta baitza bizitzaz ere. Pertsonalki asko hazteko aukera eman dit.

 

Zarautz bezalako herri batean zinegotzi izateak, etengabe kalearekin kontaktuan egoteak, gauza, detaile eta keinu txikien balioa irakatsi dit. Gertutasunaren eta enpatiaren balioa. Denei entzuten irakatsi dit, salbuespenik gabe. Gutxiago edo gehiago asmatuko nuen, baina badago harro sentiarazten nau gauza bat: beti atenditu dudala jendea, eskaera, kezka edo kexa bat azaltzera nigana jo duenean. Azken urte hauetan, usted dut telefono zenbaki gutxi egongo zirela Zarautzen, nirea bezain zabalduak.

Askotan, politika identifikatzen dugu azpiegiturekin, proiektu ikusgarrienekin, ukitu daitezkeneekin. Eta garrantzitsuak dira horiek. Baina askoz ere satisfakzio gehiago eman didate zarauztarron bizitza hobetzeko balio izan duten nire ekintza ‘xumeek’. Aurrekontuetan, zenbaki handietan ikusten ez diren ekintzak. Etxean amona bati dutxa bat jarri ahal izatea, esaterako. Edota genero indarkeria kasu oso larri baten biktima zen zarauztarra atenditu genuenean. Esperientzia horiek dira benetan markatu nautenak. Gehien asebete nautenak.

Joaten dena, joan egiten da. Ez dut aholku edo gomendiorik eman nahi. Ez da tokatzen. Baina gustatuko litzaidake aldarrikatzea desberdinen artean elkarrizketak, akordioak eta errespetuak duten balioa. Horiek gabe, ezinezkoa da aurrera egitea eta ezer sendoa eraikitzea. Hau obiedade bat dirudi, gaur egungo Udalean. Baina ez da beti bete. Ez da beti horrela izan.

Udalbatzar areto honetan, une latzak bizi izan dira. Zinegotzi bat erahil zuten. Jazartutako, seinalatutako, eta mehatxatutako zinegotziak izan dira, udaletxera bizkartzainarekin etorri behar izan dutenak politika egitera. Gure taldea beti izan dute aldamenean. Izan dira hauteskundeetara aurkeztu ezin izan duten herritarrak, aukera politikoak ilegalizatu direlako. Indarkeriak luzaroegi astindu du gure gizartea, oso modu gordinean Zarautzen, eta areto hau horren lekuko eta islada izan da. Baita normalizazio politikoaren faltarena ere.

Argi daukat ezin dugula iraganean gelditu. Aurrera egin behar dugula, baina beti ere gertatutakoa aintzat hartuta. Ona eta beharrezkoa da memoria egitea, oker berdinak ez errepikatzeko. Gaurko honetan, Jose Ignacio Iruretagoiena gogoratu nahi dut, eta baita Iñigo Lizaso ere, askatasun haizeen bila mendian bizitza galdu zuena.

Zarautzen jaiotako abertzalea naiz. Han eta hemen, nire herriaren alde lanean jarraituko dut, gizon eta emakume libreak izateko herri libre, justu eta baketsu batean. Eta politika egiten jarraituko dut. Herritarrak gara, bai, baina erantzukizun politikoa duten herritarrak. Politika oso tresna baliagarria da eraldaketarako, zarauztarron eta, oro har, gizartearen bizi kalitatea hobetzeko. Ez zaitezte fidatu, politikari izanik eta erantzukizun publiko eta politikoak edukirik, herritar xume eta soilak direla dioten politikariez. Alkate batek, zinegotzi batek, bere hitza dauka, eta boto bat. Sekulako balioa duten hitza eta botoa, herria ordezkatzen dutelako. Ez gara inor baino gehiago, ezta gutxiago ere. Noski. Baina pisu handiko ardura dugu. Ardura saihestezina, ukaezina.

Esker ona adierazi nahi diet, zarauztar guztiei, beraien konfiantzagatik. EAJri. Eta urte luzez nirekin Udaletxean ardurak partekatu dituzten alderdikideei. Plazerra izan da talde bezala lan egin ahal izatea. Desadostasunak izan ditugunean ere bai. Hori delako politikaren muina, eztabaidatzea, argudiatzea, arrazoitzea. Alderdi barruan ere bai. Oso positiboa da. Eztabaidak eztabaida, oso babestuta sentitu naiz unerik zailenetan. Bat eginda egon gara estutasunetan.

Aipamen berezia egin nahi diet ere euskara, turismo eta idazkaritzako teknikariei, zinegotzi gisa beraiekin elkarlan estuagoa edukitzea tokatu baitzait. Gozamena izan da zuekin lan egitea. Profesional bikainak, eta pertsona are bikainagoak.

Iritsi nintzen bezala, banoa. Duela hamahiru urte igotako eskailera zaharrak jaistea tokatzen zait orain. Oroitzapen onak, lagun batzuk eta bi pin daramatzat nirekin –lehen eta azken legealdikoak-. Zoriontsu izan”.

 

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *