Txikia eta xumea, bitxia eta babestua da ireki berri den japoniar lorategia Ekintza Ikastola eta Olarain Ikastetxe Nagusia dauden gunean. Hunkigarria izan zen irekiera ekitaldian entzundakoa: proiektuaren ibilbide luzea, Paco Marin eta Aita Justo Seguraren lan bikaina, eta Xabier Albistur alkate ohiari eta erahildako Gregorio Ordoñez zinegotziari eginiko aipamenak.
80. hamarkadan amildegi bat besterik ez zegoen lekuan, urteen poderioz, lorategi bat eraiki da senidetuta dauden Donostia eta Marugame hirien hartu-emanetan bizi izandakoa eta ikasle trukaketetan ikasitakoa aintzat hartuta.
Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua den aldetik, zubia du ikur eta lorategi hau ere zubigintzaren beste adibide bat izan daiteke. Ondo islatzen duelako gure hirian bizitako iragana eta oraina, eta, halaber, aintzindari diren bi herrien kulturak etengabe ari direlako etorkizunari aurrea hartzen.
Gogoan dut nola, ikasle garaietan, Ekintzako gure irakasleek behin eta berriro aipatzen zuten txoko horretan japonar lorategia egingo zela. Guk ez genituen gehiegi sinisten, baina denborarekin, eta ekinarekin, haien esana egia bihurtu da. Hemen dugu lorategia, guztion gozagai.
Goza dezagun, beraz.