Batzokia 4.0

IMG_8849

Lau urtean behin egiten dugun alderdiaren Batzar Nagusiari itxiera eman diogu asteburu honetan. Datozen urteetarako bide orria finkatua gelditu da, eta lideratuko duen taldea ere zein den erabakita.

Ez dira  xamurrak izan azken urteetan bizi izandakoak, baina etortzeke daudenak ere ez dira errazak izango. Sendotasuna, berritzailea eta, batik bat,  etorkizuna lantzerakoan asmatzea eskatzen zaio EAJ-PNVri. Hor dago gakoa. Nola egin? Zer egin gure herriaren oparotasuna bermatzeko eta aurrera egiteko inor atzean utzi gabe? Zer eta nola dira erantzun beharreko galderak.

Hori dela eta, Entzunez Eraiki eta Zuk Esan dinamikak jarriko ditugu abian. Ideia berriak, denon gogoetak eta ekintzailetza bultzatuz landu nahi dugu gure herriaren etorkizuna. Bukatu dira garai bateko aditu eta jakintsu batzuek ponentzia marduletan esandakoak betetzeko garai haiek. Denon artean, elkarri entzunda eta elkarrekin landutakoa izan behar du geroak.

COVID-19 pandemiak astindu ederra eman digu, eta gure eguneroko egiteko modu eta ohiturak zeharo aldatu ere bai. Gure batzokiak itxita egon dira, ez gara elkartu azken denboraldian, eta orain, irekitakoan, asko kostatzen ari zaigu garai bateko martxa hartzen. Bagoaz, hasi gara beste behin ere sasoi eta ilusioz beterik, baina beste modu batera: teknologia berriak erabiliz, gure eztabaida guneak berrituz, alderdikide eta alderdizaleak aktibatuz, eta auzogintza eta herrigintza uztartuz. Hurbilekoak garrantzia hartu du, eta eguneroko nahiak eta arazoak aintzat hartu behar ditugu, baina gure herriaren garapena ahaztu gabe.

Digitalizazioa, sustapen ekonomikoa, oreka berdea, gure nagusien zaintza eredua, desberdinkeria… horiek eta beste asko lantzeko moduak esango digu zein-nolako herria izango dugun etorkizun hurbilean. Herri askea  dugu helburu, eta horretarako, ezinbestekoak dira indar berrituak; herri eraikuntza eta garapen sozio-ekonomikoa bi aldeko txanpona baita.

Prest gaude. Abian zurekin batera. Iritsi da Batzokia 4.0.  

Jarraitu irakurtzen

Eskerrik asko Zarautz

Zarautz. Desertu txikia. Itsas pasealekua.

Atzokoa nire azken Osoko Bilkura izan zen Zarautzen. Zuekin partekatu nahiko nituzke prestatutako hitzak, nire esker ona adierazteko. Bide bat bukatzen da, baina bidea ez da bukatzen. Adiorik ez!:

«Gaurkoa izango da nire azken Osoko Bilkura Zarauzko Udalean. Hitz hauek prestatzen hasita, lehen gauza ustekabea izan da. Ustekabea, zinegotzi izan naizen denboran pensatzen hasterakoan. 2003an hasi nintzen. Hiru legealdi oso izan dira -2003-2007, 2007-2011, 2011-2015- eta oraingoaren zati bat. 13 urte. Denbora honetan, nire akats eta nire dohainekin, saiatu naiz neukan onena ematen, zarauztaurron alde lanean. Eskola aparta izan da etapa hau. Ikasketa prozesu sakona. Politikaz, eta baitza bizitzaz ere. Pertsonalki asko hazteko aukera eman dit.

Jarraitu irakurtzen

herrigintza

Beti uste izan dugu herri bat denon artean eraiki behar dela. Denok garelako herriaren parte. Eta denona den etxe hori eraikitzerakoan, uste dugu zimendua herriko elkarte, talde, eragile, kolektibo eta antzekoak direla. Nolako Zarautz nahi dugun erabakitzerakoan, hortaz, ezinbestekoa da herriko elkarteen iritzia aintzat hartzea, haien jarduna eta kezkak gertutik ezagutzea, guztien ekarpenak jasotzea eta ekarpen horiek ekintza plan edo diseinu batean txertatzea.

Horregatik egon behar dugu etengabe haiekin harremanetan ordezkari politikoak. Zarautz herri bizia baldin bada, neurri handi batean haien ahaleginari, elkartasunari eta dinamismoari delako posible. Une zailak bizi ditugu. Herritarrok, eta baita elkarteek ere. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da epe luzera begiratzea eta lanean hastea, nolako Zarautz nahi dugun zehaztea, eta helmuga horretara iristeko bide-orri bat finkatzea.

Hedabideetan jakinaraziko dugun moduan, gure alderdiak hausnarketa prozesu sakona hasi du etorkizuneko Zarautz hori egi bihurtzeko. Eta horretarako, herriko hainbat elkarterekin bilduko da sistematikoki. Dagoeneko ekin diogu lan horri, eta esan behar dugu lehen bilerak oso aberasgarriak izan direla. Pasa den astean Photomuseum eta Zarauzko Kirol Elkarteko kideen ekarpenak jaso ahal izan genituen. Beste asko iritsiko dira hurrengo egunetan eta hoien berri blog honetan izango duzue.

Azken finean, politikagintza eta herrigintza gauza bera dira.

Jarraitu irakurtzen