Oso denbora gutxian, bi pertsona hil dira Bidasoa ibaian, Frantziara iritsi nahian. Gertaera latz horiek, parez-pare jarri digute pertsona migratzaileen errealitate gordina. ‘Ohituak’ geunden Mediterraneo itsasoan hildakoen albisteak entzuten. Kayuko eta ontzi prekarioen irudi gogorrak ikusten. Normalizatuta geneukan milaka eta milaka pertsona, tartean haurrak, gerra edo gosetik ihesi, edo bizimodu duin baten bila hiltzen ikustea. Horrelakoak baikara. Sumindu egiten gara, egiten ditugu haserre adierazpenak, gaitzespen txio borobilak…. Baina berehala ahaztu eta aurrera jarraitzen dugu, injustizia horretan ardurarik ez dugulakoan. Gogoeta honekin batera doan argazkia El Palmar hondartzan atera nuen aurtengo oporretan, Cadizen. Bihotza uzkurtu egin zitzaidan hondartzara nola iritsi ziren imaginatzeaz bakarrik. Nolakoa izango da migratzaile horien bizitza orain? Non ote daude?
Orain, ordea, gure begiekin ikusten ari gara errealitatea. Parez-pare. Gure lurraldean bertan. Hemen eta orain. Eta kontzientzia handiagoa hartu dugu, horrelakoak baikara gizakiak. Mundu ultrakonektatu honetan, milaka kilometrora gertatzen dugunaren berri dugu bat-batean, baina gure garuna ez dago prest hori barneratzeko. Urruti sentitzen dugu. Eta urruti sentitzen dena ez da existitzen. Badirudi, oraindik ere, arazoez ez garela jabetzen norberari, edo gertuko norbaiti eragin arte. Hurbiltasunak markatzen duelako gure esparrua, globalizazioa globalizazio.
Bidasoan gertatzen ari dena gurera ekarri du pertsona migratzaileen egoera. Aurpegia jarri dio errealitate hori. Gorpuztu egin du. Eta errealitate deserosoa erakutsi digu, biluzik, bitartekaririk gabe, pantailarik, edo egunkari paperik gabe. Zein da errealitate hori? Mundu bat egin dugula, non pertsona gehienek ez duten bizi-baldintza duinik. Non ezin duten etorkizunean pentsatu, nahiko lan badutelako egunero irauten. Non ez diren giza eskubideak errespetatzen. Non ohikoak diren pobrezia, gosea, gaixotasuna, gerra edo bortizkeria.
Finean, halakoak pairatzen ez duen gutxiengo pribilejiatuaren parte garela gogorarazten digute Bidasoako gertakariek. Kolpe bortitza dira gure mendebaldeko edo gizarte ‘aurreratuetako’ kontzientzietan. Zuzenean interpelatu egiten gaituzte, gauzak milaka kilometroetara gertatzen direnean, errazagoa delako gure erantzukizuna saihestea, errua munduaren haritik tira egiten duten botereei egoztea. Baina gure etxe atarian, aisialdirako, arraunerako edo paseorako erabiltzen dugun ibaian gertatzen direnean, zailagoa da besoak gurutzatuta gelditzea. Gure buruari galdetzen diogulako zertan ari garen. Zer egiten dugun mundu justuago bat eraikitzeko, zer ematen diegun besteei, gure zoriontasun modu berekoian bilatzeaz gain.
Oporretan, edo oporretan pentsatzen ari garenean, pertsona bat hil itota bizimodu hobe baten bila. Gipuzkoan. Ez Gibraltarren. Ez Mediterraneoan. Ez Mexikon. Gipuzkoan. Eta bat-batean, konturatzen gara zeinen hutsalak diren gure kezka eta arazo gehienak. Jabetzen gara gauzak ez daudela ondo. Eta hasten gara pentsatzen nolako mundua datorren, zer utziko diegun gure ondorengoei, nolako etorkizuna eraiki nahi dugun.
Gure arbasoek ezagutu zuten zer den jaioterritik erbesteratu behar izatea, eskasiatik edo diktaduratik ihesi. Ez dezagun ahaztu. Gipuzkoa lurralde solidarioa dela esaten dugu. Eta konbentzituta nago hala dela, oro har. Denon esku dago izaera horri eustea. Inork ez die bizitza itzuliko gurean hil diren bi pertsonei. Baina, gutxienez, balio dezatela gutako bakoitzak bere buruari galdetzeko zer egin dezakeen mundu hobe bat egiteko, eta bide horretan pausoak emateko, hemen eta orain.