Oso denbora gutxian, bi pertsona hil dira Bidasoa ibaian, Frantziara iritsi nahian. Gertaera latz horiek, parez-pare jarri digute pertsona migratzaileen errealitate gordina. ‘Ohituak’ geunden Mediterraneo itsasoan hildakoen albisteak entzuten. Kayuko eta ontzi prekarioen irudi gogorrak ikusten. Normalizatuta geneukan milaka eta milaka pertsona, tartean haurrak, gerra edo gosetik ihesi, edo bizimodu duin baten bila hiltzen ikustea. Horrelakoak baikara. Sumindu egiten gara, egiten ditugu haserre adierazpenak, gaitzespen txio borobilak…. Baina berehala ahaztu eta aurrera jarraitzen dugu, injustizia horretan ardurarik ez dugulakoan. Gogoeta honekin batera doan argazkia El Palmar hondartzan atera nuen aurtengo oporretan, Cadizen. Bihotza uzkurtu egin zitzaidan hondartzara nola iritsi ziren imaginatzeaz bakarrik. Nolakoa izango da migratzaile horien bizitza orain? Non ote daude?
Orain, ordea, gure begiekin ikusten ari gara errealitatea. Parez-pare. Gure lurraldean bertan. Hemen eta orain. Eta kontzientzia handiagoa hartu dugu, horrelakoak baikara gizakiak. Mundu ultrakonektatu honetan, milaka kilometrora gertatzen dugunaren berri dugu bat-batean, baina gure garuna ez dago prest hori barneratzeko. Urruti sentitzen dugu. Eta urruti sentitzen dena ez da existitzen. Badirudi, oraindik ere, arazoez ez garela jabetzen norberari, edo gertuko norbaiti eragin arte. Hurbiltasunak markatzen duelako gure esparrua, globalizazioa globalizazio.