Denon artean, denona

txikiblog

Atzo Juan Paredes Manot ‘Txiki’-ren oroimenean egindako ekitaldian izan ginen, Zarautzen. Txiki Angel Otaegirekin eta FRAPeko kide  Jose Humberto Baena, José Luis Sánchez Bravo eta Ramón García Sanzekin batera fusilatu zuten 1975an, Francoren erregimenaren azken exekuzioan. Urtero gogoratzen dute herriko hilerrian senitartekoek eta lagunek.

Iraganeko kontuak etorri zitzaizkidan burura atzo. Gogoan dut nola, 2009an, mozioa aurkeztu genuen PNVren udal taldetik. Izan ere, urte hartan, Auzitegi Nazionalak aginduta, omenaldia egitea debekatu eta galarazi zioten familiari. Ikurriña eta Espainiako Errepublikar bandera kendu, eta hilerria uztera derrigortu zituen Ertzaintzak, Rodolfo Ares, artean Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu zenaren aginduz.

Egoera horrek sekulako tentsioa eta sufrimendua eragin zizkion familiari eta, bereziki, Maria Manot amari. Gutun bat idatzi nion elkartasuna adieraziz, eta ikaragarri eskertu zidan. Hunkitu egin ninduen haren minak, baina baita semearen memoria nolako maitasunarekin, duintasunarekin eta sendotasunarekin defenditzen zuen. 87 urte ditu egun. Oso berezia izan zen berriz agurtu ahal izatea.

Mozioak dezenteko zalaparta politikoa piztu zuen. Zentzuzko gauzak eskatzen genituen. Frankismoaren biktimak omentzeko eskubidea defenditzea, eta haien memoria berreskuratzeko neurri aktiboak hartzea, besteak beste. Baina bestelako garaiak ziren. ETA indarrean zegoen. Jean-Serge Nèrin frantziar polizia izan zen bere azken hildako biktima, 2010ean. 2011ko urrian iragarri zuen behin-betiko su etena. Euskal gizartearen zati handi bat, berriz, erakundeetan ez zegoen ordezkatuta Alderdien Legea zela-eta. PSE-EEk eta PPk gobernu ituna sinatu zuten hauteskundeak nabarmen irabazi zituen Juan Jose Ibarretxe bazterrean utzita. Memoria kontuak ere gordin zeuden. Azken urteetan egindako lanketa hasi gabe zegoen oraindik.

Aspaldiko kontuak dirudite, baina hainbesteko denbora ez da pasa. Atzera begiratu, eta pentsatu dut egin dugula zerbait aurrera. Baditugula oraindik konpondu beharreko kontuak, askatu gabeko korapiloak, eman beharreko aurrerapausoak herri gisa. Baina bakegintzaren eta normalizazio politikoaren alorrean, hobera egin dugu.

Etorkizuna oinarri sendoekin eraikitzeko, elkarlanean eraiki behar dugu memoria. Denon artean, denona, anitza eta osoa izan dadin. Horrek eskatzen du sufrimendu guztiak aitortzea, ‘bando’-etan pentsatu gabe, alderdikeriak alde batera utzita. Jakinda gauzak ez direla ez txuriak ezta beltzak ere, eta grisen ñabardurak antzematen jakitea ezinbestekoa dela, neketsuagoa bada ere.

Eta memoriaren lanketa ‘teknikoa’-z harago, enpatia behar dugu, emoziak landu, horiek konektatzen gaituztelako. Sufrimendua, penak, baina baita gozamena eta pozak ere. Nekez jarri ahal izango dugulako bestearen tokian, nekez ulertu, hoztasunetik. Batzuetan ez da posible izango. Biktima denari, ezin diogu ezer exijitu. Badakit. Baina, gizarte bezala, oro har, saiakera egingo bagenu?

Besarkada estu bat Maria, Diego eta ‘Txiki’-ren familia guztiari, eta herri honetan sufritu duten guztiei.

 

 

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *