Zorionak eta ongietorri, Itsaso!

imanol-slide

Itsaso izango da Gipuzkoako 89. herria. Azpimarratzekoa da atzoko kontsulta normaltasun osoz eta inolako arazorik gabe ospatu zela, egun osoan zehar. Nabarmentzekoa da ere parte-hartze handia. Botoa emateko aukera zuten 140 bizilagunetatik, 119-k parte hartu zuten galdeketan. Horietatik, Itsaso herri izatea aukeratu zuten 88-k. Ezezkoak, berriz, 26 izan ziren. Itsaso herri izateko zegoen nahi hori mamitu egin zen, beraz, gehiengo handi batekin.

Balorazio positiboa egiten dugu, dena ondo joan delako, eta urteetako lanaren ondoren, herritarrek beraien nahia adieraziz itxi dutelako prozesua. Herritarren protagonismoarekin bukatu da herritarren protagonismoarekin hasi zena. Eta guk borondate hori errespetatuko dugu, hasieratik esan dugun moduan.

Atzo Itsason egon nintzen goizez galdeketaren nondik norakoak jarraitzen. Ilusio handia sumatu nuen jendearengan. Egin zidaten harrera ere benetan eskertu behar dut. Prozesu luzea izan da hau, elkarlanean gauzatutakoa. Herritarren, eta erakunde guztion arteko elkarlana. Iritzi, sentsibilitate eta ekarpen guztiak eduki dira kontuan. Ezkioko Udalaren eta ezkiotarren jarrera ere eredugarria izan da. Bestearen tokian jartzeko gaitasuna izan dute prozesuaren protagonistek. Txukun egindako gauzek uzten duten zapore ona utzi digu denoi galdeketak.

Hemendik aurrera, Aldundiko arduradunei dagokigu espedientea ixtea, orain arte egin diren txostenak, bai legalak, bai teknikoak eta bai ekonomikoak, zein partaidetza prozesuak kontuan hartuz. Gabonak baino lehen, Gobernu Kontseiluak Itsasok herri izaera berreskuratzeko  foru dekretua onartuko du, eta Gipuzkoak udalerri berria edukiko du, larogeita hemeretzigarrena, alegia.

Honekin batera, batzorde kudeatzailea jarriko da martxan, 5 kidek osatua, udal hauteskundeak egin bitartean Itsasoko herri borondatea ordezkatuko duena. Ezkio-Itsasoko udalbatzarrean egun dauden Itsasoko bi ordezkariek, Ezkioko biri utziko diete lekua. 2019ko udal hauteskundeetan, berriz, beste edozein udalerritan bezala, udalbatzarra aukeratuko dute itsasoarrek.

Irakurketa politikoagoa eginez, azpimarratu nahiko nuke, gaurkoan ikusi dugun bezala, kontsentsuz landutako kontsultak tresna ona direla prozesu deliberatiboak aurrera eramateko. Bai kudeaketan, bai proiektuetan, eta baita egitura instituzionalak herritarren borondatera egokitzeko. Kasu honetan, frankismoak derrigortu aurretik zuten herri  izaera berreskuratuko dute itsasoarrek. Zorionak, beraientzat. Aldundiak elkarlanean jarraituko du beraiekin, orain arte bezala.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *