Euskaldun bat ERTZAInetxean

Zarauzko Ertzainetxea

Zarauztar euskaldun bati  herriko ertzainetxean gertatutakoa oso larria dela iruditzen zait eta ondorengo eskutitza bidaltzea erabaki dut Herrisaingo sailari. Ertzaintza maite dugunoi mina egiten digu horrelako historiak entzun beharrak.  Horrela dio kartak:

Zarauzko ertzainetxea
Herrizaingo Saila. Gipuzkoa Kalea, 46
20800 Zarautz

Ertzainetxeko buru hori,

Honen bidez jakitera eman nahi dizut iragan apirilaren 5ean herritar bat zela Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzura, Zarauzko ertzainetxean gertatu zitzaionaren berri ematera eta, horren aurrean, bere nahigabea eta haserrea adieraztera.

Delako herritarraren arabera, lapurreta baten lekuko izan zen eta Udaltzaingoak egindako lapurreta-partean bere izena jaso zuten. Handik egun batzuetara, ertzainetxetik deitu zioten, deklaratzera. Ertzainetxera joanda, sarreran lau aldiz errepikatu zuen ‘egun on’, harrera egin zionak lau aldiz ‘buenos días‘ erantzun zion bitartean. Sartu zen azkenean eta deklaratu zuen, euskaraz, baina bere deklarazioa jasotzen zuen orria erdaraz eman zioten, sina zezan; eta gure bizilagunak uko egin zion gazteleraz idatzitako deklarazio-orria sinatzeari.

 

Handik egun batzuetara bigarren aldiz deitu zioten ertzainetxetik eta jo zuen berriro bertara. Honakoan euskaraz jaso zuten bere aitorpena, deklarazio-orrian. Hori bai sinatu zuen. Dena den, ‘egun on’ / ‘buenos días‘ sekuentzia, bigarren aldiz bizi eta sufritu behar izan zuen.

 

Udaleko Euskara Zerbitzuan, Elebide edota Behatokian kexa aurkezteko aukera hor duela adierazi diogu herritarrari. Baina berak ez du horretarako indarrik, gogorik edota asmorik. Izan ere, 70 urteen muga igaroa du eta, uste duenez, berari dagozkionak (aitorpena euskaraz sinatzea) lortu du.

 

Hala ere, Udalak bere aldetik zerbait egin dezakeen jakin nahi izan du, Euskara Zerbitzura bere gertaeraren berri ematera etorrita. Udalak ezer egin badezake, egin dezala eskatu digu.

 

Bere esanetan, Zarauzko ertzainetxean ez dira euskaldunon eskubideak errespetatzen.

 

Udaleko Euskara Zerbitzuak bizilagunaren kontakizuna besterik ez du. Hala ere gertatutakoaren berri eman die bai Hizkuntza Eskubideen Behatokiari bai Elebideri, nahiz eta jakin kexa anonimorik ez dutela onartzen.

 

Hala ere, kasu honetan, gure ustez, beste gehienetan bezala, garrantzitsuena ez da nori gertatu zaion, zer gertatu zaion baino.

 

Zarauzko Udaleko arduradun politiko honek ere izan du gertaeren berri eta iruditu zait zilegia dela Zarauzko ertzainetxeko zuzendariari azalpenak eta neurri zuzentzaileak eskatzea.

 

Nire eskaera aintzat hartuko duzulakoan, adeitasunez, agur.

 

 

Zarautzen, 2011ko apirilaren 18an

 

 

 

Imanol Lasa Zeberio

Zarauzko Udaleko euskara zinegotzia

 

 

Interesgarriak:

1 comment

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *