I. SAGARDO EGUNA ZARAUTZEN

Gaurko aurkezpenean: Imanol Lasa, Maria Garrastazu, Asier Aldalur, Paxcu Exposito eta Igor Azpitarte Zurekin-eko ordezkariek eta Felix Iruretagoiena Izetakoa.

Larunbat honetan, hilaren 22an, I. Sagardo Eguna ospatuko du Zarautzen, Turismo Bulegoak eta iragan urtean sortutako Zurekin ostalarien elkarteak antolatuta. Denboraldi berriko sagardoa dastatzeaz gain, egitarauak beste hainbat aukera eskainiko ditu, hala nola bertsolariak, trikitilariak edota sagardotegi menuak.  11:30ean ekingo zaio festari, kalejirarekin, txistularien eta Etxe eta Montte eta Aratz eta Erlantz trikitilarien eskutik –azken horiek zarauztarrak-. 12:00etan, udaletxe aurrean, Tolare elkarteko Gipuzkoako hamaika sagardotegi ezberdinetako sagardoa probatu ahal izango da, horien artean Arizia herriko sagardotegikoa, eta sardinak jarriko dira parrilan, edariaren lagungarri. Hiru euroko prezioan, txotxa eta hiru sardina eskainiko dira. Iñigo Manzisidor ‘Mantxi’ bertsolari zarauztarrak eta Iñaki Gurrutxaga oriotarrak girotuko dute plaza.

12:00etan ere, ostalarien elkarteak omenaldia egingo dio aurten erretiroa hartuko duen Telesforo jatetxeko Begoña Astiazarani. Berak emango dio hasiera festari. Urtero, ostalari baten ibilbidea goraipatuko da datozen edizio guztietan. 14:00etatik aurrera, berriz, herriko hogei bat jatetxek sagardotegietako ohiko menua eskainiko dute, bi aukerekin: sahieskiarekin (20 euroko prezioan), eta txuletarekin (25 euro).

18:00etan jarraituko du festak, Kupela taldearen kontzertuarekin. Ehunka plaza eta hiru disko pilatu ditu Kupelak, 2010ean azkena (Arriskua maite), eta dantzarako aukera ezinhobea eskainiko dute Musika Plazan. Erromeriaren erregetzat dauzkate askok, eta Urola Kostan jarraitzaile ugari dauzkate. Halaber, ordu berean, kalejira bana izango da Aritzbatalden eta Azken Portun Etxe eta Montte eta Mattin eta Karlosen eskutik, hurrenez-hurren.

Izan ere, aurkezpenean azaldu dutenez, festa auzoetara ere eramatea  izan da antolatzaileen helburu nagusietako bat. Hortik dator jaialdiaren lelo nagusia: Herriko plazak bizirik. Hala, kalejirez gain, 19:00etan barrikote berezia izango da Aritzbatalden (Santuiturri plazan), Azken Portun (Sagasti plaza) eta Musika Plazan. Aipatutako hiru guneetan, lumagorri oilasko-pintxoak erreko dira parrilan, sagardoaren lagungarri. 2,50 euroko prezioan, pintxo bat eta txotxa eskainiko dira. Bestalde, Eusko Labeleko ordezkariek opariak banatuko dituzte haurrentzat.

Zarauzko 22 establezimenduk parte hartuko dute ekimen berri honetan, sektore publiko eta pribatuaren arteko elkarlanaren ondorio. Turismo Bulegoa Zurekin elkartearekin eskutik ari da lanean, azken urteetan Murkil merkatarien elkartearekin egin duen bezala. Sekulako indarrarekin hasi dute bidea, eta jaialdi hau da emaitzetako bat, baina ez da bakarra izango. Aspaldi honetan, udaz haratago Zarautzen aisialdi jarduera eta ospakizunak antolatzea da gure helburuetako bat, eta denon arteab lortzen ari garela uste dugu.

Urtero, txakolinaren Mahats Bilketaren jaialdia ospatzen du herriak, herriko hainbat jatetxerekin eta Getariako Txakolina jatorrizko izendapenarekin elkarlanean. Aurtengoarekin, hamabi edizio beteko ditu. Ospakizun osagarriak dira. Zarautzen inguruan ekitaldiak antolatzea eta mugimendua sortzea beti da positiboa, batik-bat herriko eragileekin lidergo partekatutik abiatuta egiten baldin badira. Izan ere, dinamismo handiko eragileak dauzkagu. Gure ikurra txakolina da, baina badaude sagardotegi garrantzitsuak gure eskualdean eta inguruetan, eta festak oso harrera ona izango duela uste dugu.

Igor Azpitartek gogorarazi duenez, Zurekin-ek lantzen duen hirugarren ekimena da, San Silbestreko zozketa eta Zarauzko Ikurriña Mus txapelketaren ondoren. Biek izan dute oso onarpen ona, beraz, eskerrak eman nahi izan die zarauztarrei. Itxura guztien arabera, eguraldiak ere lagundu egingo du larunbatean. Zarautzera gerturatzea baino ez da falta egun zoragarria igarotzeko.

 

 

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *