Egin beharreko apustua

 

Herri batek hizkuntza behar du, herri izateko. Hizkuntza batek, berriz, komunikabideak behar ditu XXI. mendean hizkuntza osasuntsua eta normalizatua izateko. Eta komunikabideek, azkenik, bideragarritasuna lortu behar dute existititzeko eta etorkizuna izateko. Irakasle garaian emandako filosofia klaseetan bezala, silogismoa bukatuz, esango nuke edozein herri, nazio edo komunitatek hedabide propio eta indartsuak behar dituela bere burua finkatzeko eta munduan kokatzeko, benetan bere buruaren jabe izan eta beste batzuen menpeko ez izateko. Hedabideak herri baten isla direlako, baina aldi berean herri horren ikuskera eta nortasuna egituratzen dutelako.

Testuinguru horretan, Egunkaria-ren sorrera mugarri izan zen, euskarazko egunkari modernoa eta plurala eraman zuelako euskaldunen etxeetara, nazio ikuspegi batekin, eta objektibitatea eta aniztasuna oinarri hartuta. Egunkariaren azken azala ikusi besterik ez dago, Fernando Savaterri egindako elkarrizketarekin. Ideologikoki euskal abertzaletasunarekiko tokitan dagoen pertsonaren iritzia jasotzen zen. Eta egun horretan bertan Goardia Zibilek Martin Ugalde parkea hartu zuten, Auzitegi Nazionalaren aginduz, denok ezagutzen dugun bidegabekeriari bide emanez.

 

Zorionez, gizartearen erantzun sendoari esker Berria abiatu zen, eta baita, denborarekin, eskualdeko Hitza-k ere, gaurdaino. Ibilbide horretan, gauza asko egingo ziren ondo, eta beste batzuk ez hain ondo. Bizi-legea da, gizakiok abiarazitako edozein proiektutan. Baina balorazio guztien gainetik, mamiari erreparatu behar diogu: Euskarazko Komunikazio Taldearen apustuari esker, euskarazko egunkari bat irakurri ahal izan dugu, eta tokian-tokiko informazioa ere jaso ahal izan dugu, euskaraz, Hitzen bitartez, bai paperean eta baita interneten ere. Euskarazko hedabideak eskaini dituzte. Hitzak berak dioen moduan, euskara hedatzeko, zabaltzeko bideak.

 

Orain aldaketa garaiak datoz. Alde batetik, krisiak gogor astindu duelako komunikazioaren sektorea, publizitatearen diru-sarrerak jaitsiaraziz. Eta bestetik, informazioa eskuratzeko molde berriek, internetek batik-bat, euskarri tradizionalengan eragina izan dutelako, eta derrigorrezko bihurtu dutelako komunikabideak birpentsatzea. Oso zaila da gaur egungo gaztetxo bat egunkaria besapean duela ikustea. Horri guztiari, euskara oraindik ere gutxiengo hizkuntza izateak dakarren zailtasun estrukturala erantsi behar zaio.Gutxi garelako Euskal Herrian euskaraz dakigunok, eta are gutxiago euskaraz irakurtzeko ohitura dugunok. Sisifok bezala, herria mendian gora eraman behar, askotan eror dadin.

 

Ildo horretan, idatzi honekin EKTk, aurrerantzean Berria taldeak, egoera berrira egokitzeko egindako ahalegina txalotu nahi dut, biktimismoaren eta txikitasunaren mezua alde batera utzi duelako, eta konbentzimendua eta anbizioa erakutsi duelako. Uste dut asmatzen ari direla internet bidezko jarraipenari eta, batez ere, irakurleen partaidetzari eta interakzioari garrantzia ematerakoan. Bestalde, herrialdeetako Hitza berriek hutsune bat bete dezaketelakoan nago, askotan kanpoan gelditzen ziren gaiak jorratzeko aukera emango dutelako. Gipuzkoan behintzat bazegoen behar hori. Eta ideia ona iruditzen zait ere produktu desberdinak bateratu nahi izatea.

 

Zalantzaz beteriko bidea da orain hasten dena, baina esan ohi den moduan, berritu ala hil. Besterik ez dago. Ahaleginak merezi du, euskaraz bizi nahi dugulako etorkizunean ere, eta horretarako komunikabideak apustu estrategikoa direlako. Euskara normalizatzeko, euskara bera delako bidea. Erakundeetako ordezkarioi ere badagokigu gure alea jartzea bideragarritasunean laguntzeko. Beti egongo da eztabaida laguntza hori nahikoa den edo ez, baina Euskara zinegotzi gisa argi utzi nahiko nuke Urola-Kostako Hitza-rekin elkarlanean jarraituko dugula, orain arte bezala, eta gure babesa izango dutela abentura honetan. Zorte on, bihotz-bihotzez!

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *