Maribel Albizu taldekideak buru duen Gizartekintza sailaren ekimenez, aurrerantzean herrian Gizartearen Mesederako Lanak egiteko aukera izango dute zigor arinak dituzten zarauztarrek. Gabezia handia zegoen alor honetan, oso plaza gutxi eskaintzen baitziren Gipuzkoa Mailan batez ere. Eskaintzak ez zuen inolaz ere eskaria asetzen, eta horregatik akordioa sinatu zuten ekainean Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Barne Ministerioak eta Eudelek arazoari konponbidea emateko.
Zarautz izango da hitzarmen hori aplikatzen duen Gipuzkoako lehen herria. Gainera, elkarlanaren eta lidergo partekatuaren bidetik joz aplikatuko du, herriko hainbat elkarterekin eta Udaleko sail desberdinekin akordioa lortu baita Gizartearen Mesederako Lanak egin behar dituztenei egitekoak eskaintzeko. Zorionak Maribeli, bere departamentuari eta egitasmoarekin bat egin duten guztiei. Interes soziala eta bergizarteratzea uztartzen duen formula dira Gizartearen Mesederako Lanak, baina martxan jartzeko borondatea behar da, eta Zarautzek erakutsi du badaukala.