Entzunez Eraiki

Badira hilabete batzuk Entzunez Eraiki dinamikaren lehen saioak abian jarri genituela, eta denbora horretan aukera izan dugu hainbat hizlari entzuteko eta proposatutako gaien inguruan lehen ondorioak eta proposamen berriak jasotzeko. Ikasteko, hitz egiteko, eta garai berriei ekiteko indar berrituta gaudela sumatu dut.

Elkartu eta iritziak partekatu zerbait berria eraikitzeko. Gure proiektu politikoa denon ideiekin berritzeko. Herri eraikuntzan denok garelako ezinbestekoak eta ahulduta gelditu den komunitatea sendotzeko. Horiek eta beste gako asko lantzeko egin dugu lan lehen hilabete hauetan. Oraindik ere ikasturtea ez da bukatu eta bide luzea dugu ekainera arte.

Pandemia honek utzitako une gogorrak gainditzen ari garen honetan, badugu oraindik ere gaitza izan daitekeen kontu bati aurre egin beharra: indibidualismoa. Ni eta nik, deklinatzen ditugun bakoitzean gero eta ahulagoak garen seinale da; gu eta guk entzuten dugun bakoitzean, berriz, sendoagoak eta komunitate baten partaide garen adibide garbia, Imanol Kerejeta psikiatrak dioen bezala. Hori da muina aberrigintzan, gizarte nodoak indartzea, batzuekin eta besteekin ekimenak lantzea, auzolanean. Entzunez Eraiki dinamika ez da berria gurean baina bai ezinbestekoa orain, gizarte orekari eusteko eta desberdinkeriari aurre egiteko eta herri honen etorkizuna, denok bat eginik, eraikitzeko.

Jarraitu irakurtzen

GIZARTEAREN MESEDERAKO LANAK

Maribel Albizu. EAJ-PNVko zinegotzia eta Gizarte Zerbitzuaren arduraduna.

Maribel Albizu taldekideak buru duen Gizartekintza sailaren ekimenez, aurrerantzean herrian Gizartearen Mesederako Lanak egiteko aukera izango dute zigor arinak dituzten zarauztarrek. Gabezia handia zegoen alor honetan, oso plaza gutxi eskaintzen baitziren Gipuzkoa Mailan batez ere. Eskaintzak ez zuen inolaz ere eskaria asetzen, eta horregatik akordioa sinatu zuten ekainean Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Barne Ministerioak eta Eudelek arazoari konponbidea emateko.

Zarautz izango da hitzarmen hori aplikatzen duen Gipuzkoako lehen herria. Gainera, elkarlanaren eta lidergo partekatuaren bidetik joz aplikatuko du, herriko hainbat elkarterekin eta Udaleko sail desberdinekin akordioa lortu baita Gizartearen Mesederako Lanak egin behar dituztenei egitekoak eskaintzeko. Zorionak Maribeli, bere departamentuari eta egitasmoarekin bat egin duten guztiei. Interes soziala eta bergizarteratzea uztartzen duen formula dira Gizartearen Mesederako Lanak, baina martxan jartzeko borondatea behar da, eta Zarautzek erakutsi du badaukala.

Jarraitu irakurtzen