Ipuin kontaketa

Kontalaria

Kontalaria izeneko egitasmoaren berri eman dugu gaur Zarauzko udaletxeko pleno aretoan. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarri du martxan, eta Euskara Zerbitzuarekin izandako elkarlanari esker, Zarautz izango da parte-hartzen duen herrietako bat, larunbat honetan. Euskadiko hogei herritan burutuko den espazio ludikoa da Kontalaria. Espazio horretan, pantaila bat eta bideo-kamera bat egongo dira, eta  herritarrek aukera izango dute kontu-kontari aritzeko, denen artean ipuin kolektibo, interaktivo eta audiobisual bat osatuz.

Joan zen larunbatean hasi zen egitasmoa, Bilbon, eta guztira 20 herritatik igaroko da: Irun, Donostia, Deba, Tolosa, Beasain, Eibar, Durango, Arrasate, Oñati, Gasteiz, Laudio, Galdakao, Barakaldo, Getxo, Bermeo, Mungia, Gernika, Lekeitio eta Zarautz. Gure herria izango da, hain zuzen, egitasmoa hartuko duen Gipuzkoako lehena. Esan bezala larunbat honetan izango da, 16:00etatik aurrera eta lau orduz gutxi gora behera, Munoan.

Kamioi bat izango da bertan. Barnealdean, kontu kontari jarduteko pantaila eta bideo kamera izango ditu, eta espazio horretan gauzatuko da ipuin kolektiboa. Kanpoko animazioaren bitartez, parte-hartzea bultzatuko da eta errejidoreak funtzionamenduaren mekanika argituko du. Aurreko parte-hartzaileak kontaturiko istorioa erakutsiko zaio partaideari aurrekoaren kontakizunarekin jarrai dezan. Azkenik, ikus-entzunezko teknikariak, aurrez markaturiko irizpideak erabiliz, ipuina gauzatuko du. Haur nahiz gazte, heldu nahiz adineko, guztiek har dezakete parte.

Ipuin eta istorio guztiak www.kontalaria.com izeneko web orrialdean ikusi ahal izango dira eta batzuk Euskal Irrati Telebistako kateetan emitituko dira, kapsula modura. Ibilbide guztia bukatzerakoan, edizio lana egingo da eta ipuin kolektiboa sortuko da. Guztientzat ezaguna den pertsona batek zuzenduko du proiektua: Fran Lasuen. Izukaitz eta Oskorri musika taldeetako kidea izan zen, bakarkako bideari ekin zion gero, eta musikan bakarrik ez, hamaika esparrutan aritutakoa da: antzerkia, telebista, ipuin-kontalaritza… Sormen eta esperientzia handiko pertsona da, beraz.

Kontalaria kanpainaren helburu nagusia euskararen erabilera espazio publikoetan eragitea da. Baina bestelako ezaugarri interesgarri asko dauzka.  Teknologia berriak eta euskara lotzen dituela, belaunaldien arteko harremana eta komunikazioa bultzatzen dituela eta, batez ere, herritarren partaidetzan oinarritzen dela. Denen artean kate bat eratuz ipuin bat sortzea oso ideia polita eta erakargarria da. Hizkuntza eta baloreak transmititzeko bide aparta dira ipuinak, haren ustetan. Ez bakarrik haurrentzat. Beraz, zarauztar guztiak animatu nahi nituzke Kontalarian parte hartzera, larunbat honetan, Munoa Plazan. Euskara eta kultura maite dugun herria gara, kulturgintzan ospe handiko ordezkariak dauzkagu, eta ea gure arrastoa uzten dugun proiektu eder honetan.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *