Euskara eguna 2009

Zarauzko ikastetxeko kideekin egindako argazkia. Euskara Eguna 2009.

Euskara bultzatzeko beharra plazara eta gizartera aterako du Zarautzek aurten ere, datorren ostegunean, Euskararen Nazioarteko Egunean. Eta urtero legez, jai giroan egingo du aldarrikapen hori, Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta herriko ikastetxeen arteko elkarlanari esker. Ostegunean bertan egingo direnez gain, bestelako jarduerak ere izango dira. Guztien berri eman genuen Olatz Dorronsoro (Salbatore Mitxelena), Maribi Gurrutxaga (Orokieta), Ander Ibarguren (Antoniano), Ion Arruti (La Salle), eta Jose Ignacio Martija (Oteitza) eta Edurne Azpiroz (Institutua) ikastetxeetako ordezkariek, eta ni neu, udaletxeko Pleno aretoan egindako prentsaurrekoan.
Antolatuko diren jardueren helburua da euskarari dagokion garrantzia eta indarra ematea, eta Euskararen Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta, normalizazio beharra eta urtean zehar horretarako egiten den lana gizarteratzea, euskararen etorkizunerako giltzarri diren haurrak partaide zuzen bilakatuz. Hala, abenduaren 3an guztira 5 urtetik 12 urte bitarteko 1.900 haur ibiliko dira kalejiran: txikienak (1100 inguru) Zelai Ondo plazan elkartuko dira (eguraldi txarrarekin kiroldegian), eta zaharrenak Musika Plazan (800 haur). Jaialdi jendetsua izango da, beraz.

Kalejira 9:30etatik 10:00etara izango da. Trikitilariek lagunduta, HH5 – LH3 bitarteko haurrak Zelai Ondo plazara joango dira, eta LH4 – LH6 bitartekoak, berriz, Musika Plazara. Festa 10:00etan hasiko da, bi leku horietan: Aitor Urbieta bertsolariak Euskararen Eguna gaitzat hartuta prestatutako bertsoak eta beste bizpahiru euskal kanta abestuko dituzte haurrek trikitilarien laguntzaz, eta haurrek beraiek apaindutako «Euskararen Eguna» letrak zintzilikatuko dituzte Musika Plazako barandan, Zelai Ondoko biribilgunean, eta abar.

11:00etatik 12:00etara, berriz, musika eta dantza jolasak izango dira udal kiroldegiko pistan HH5 eta LH3 bitartekoentzat, Urtxintxaren eskutik. LH4koek Jon Dj-aren musika emanaldia izango dute, Gaztelekun, eta LH5 eta LH6 bitartekoek, berriz, DiskoTop disko-festa, Antonianoko pistan.

Halaber, egun berean Urola Kostako Euskara Zerbitzuek elkarlanean prestatutako Euskararen Aurpegiak aldizkaria banatuko da ikastetxe guztietan. Udal Elkartearen eta eskualdeko udaletako euskara zerbitzuek bideratutako ekimenetan parte hartu duten pertsonen aurpegiak jaso nahi izan dira gehigarri horretan, asko direlako beren eguneroko bizimoduan hau, hori edo hura euskaraz egiteko ahalegina egiten dutenak. Egiten dutenak, eta egingo dutenak. Batzuk gidabaimena euskaraz ateratzen ahalegindu dira; kirol elkarteko jarduna euskaraz izateko konpromiso sendoa hartu dute beste batzuek; saltokian euskara sustatzeko kanpainan parte hartu dute hainbat merkatarik; Mintzalagun programan martxan daude hainbat talde; euskaltegian euskara ikasten ari direnen kopuruak gora egin du; haur etorri berriei laguntzeko programetan haur ugari dabil; herriko idazleen webgunea garatu eta elikatzen aritu da beste talde bat…

Bestalde, azaroaren 30etik hasita eta abenduaren 6ra bitarte herriko ikastetxeetako ikasleek grabatutako iragarkiak izango dira ikusgai Erlo eta UK4 telebistetan. Euskara eta Euskararen Eguna gaitzat hartuta Zarauzko 6 ikastetxeek 30 segundoko iragarki bana grabatu dute. Parte-hartzaileak honakoak dira: Antoniano ikastetxea, Oteitza Lizeo Politeknikoa, La Salle ikastetxea, Orokieta Herri Eskola, Lizardi Institutua eta Salbatore Mitxelena Ikastola. Herriko ikasleak artista lanetan ikusteko aukera izango da, beraz.

Euskararen Egunaren mamiaren balioa azaldu genuen: “Gaur egun ezinbestekoa da talde lana. Norbere kasa aritzeak ez darama inora. Talde lanak ematen du eraginkortasuna. Talde lana da etorkizuna. Erakunde, eragile, talde eta pertsonen arteko elkarlana. Horretan datza niretzat Zarauzko Euskararen Egunaren handitasuna. Euskara Zerbitzuak eta herriko ikastetxeek elkarrekin antolatu ditugula jarduerak, eta zerbait herrikoia izango dela, naturala. Ikastetxeetako haur eta irakasleak ez ezik, bestelako partaide asko ere bertakoak dira: trikitilariak, Antton Sarasuak eskainitako musika eta jolasen emanaldia, Euskararen Egunean haurrek kantatzeko bertsoak egin dituen Aitor Urbieta bertsolari gaztea, Euskararen Eguneko logoaren egile Aitor Larrañaga Peli, Erlo telebistarekin grabatutako iragarkiak, Urola Kostako Hitza-rekin batera argitaratutako aldizkaria… Herritik eta herriarentzat egindako egitaraua izango da”.

Zarautz herri euskalduna eta euskaltzalea da. “Bizi-bizirik dago euskara, eta hori urte askotako eta pertsona eta kolektibo askoren meritua da. Zalantzarik gabe, ikastetxeak funtsezko eragilea izan dira da euskalduntze lan horretan. Beraz, oso esanahi berezia dauka egun honetan eurak izatea protagonista. Hala ere, ez dira patxadaz eserita egoteko garaiak. Asko egin da normalizaziorako bidean, baina ahuleziak badaude oraindik, eta horiek nola konpondu eta hobetzen nola jarraitu hausnartzeko aprobetxatu behar dugu Euskararen eguna. Gaur egun, inoiz baino garbiago izan behar dugu euskara bultzatu eta aldarrikatu beharra. Euskara delako, abestiak dioen bezala, euskaldun egiten gaituena. Gure herriaren arima eta zati inportantea delako, eta ez diogulako uko egin nahi. Eta batez ere, tamalez, herri honetako zenbait erakunde politiko zalantzan jartzen ari direlako azken urteetan euskararen alde egindako lana, eta lortu dugun hori galtzeko arriskuan egon daitekeelako. Beraz, Euskararen Egunak aldarrikapen kutsua ere baduela uste dut.

Interesgarriak:

4 comments

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *