www.gurezarautz.net

Auzoko jaietako argazkiak eta bideoak kontsultatu, Zarauzko mendi ibilbide berriak deskubritu, denda baten kokapena eta telefonoa bilatu, edota zarauztarren haurtzaroko lekukotasunak irakurri. Horiexek dira http://www.gurezarautz.net/ webgune berriak eskaintzen dituen aukeretako batzuk.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen eta Markel Olano Diputatu Nagusiak joan den uztailean Tabakaleran aurkeztutako Gipuzkoa 2.0 egitasmoaren barruan sortu da webgunea, Zarauzko Turismo Bulegoaren ardurapean. Rafa Olaizola Merkataritza zinegotzia, Haritz Solupe Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta euskara departamentuko burua, eta wegunea garatu duen Arazi Zarauzko enpresako Amaia Isasti izan ziren aurkezpen prentsaurrekoan. Herritarrei eta bisitariei informazioa gerturatzea da helburua, teknologia berrietan eta herritarren parte-hartzean oinarrituta. Isastik azaldu zuenez, urtebete eman dute datu bilketa sakona egiten, informazio hori “modu simple eta erakargarri batean” txertatzeko, udaleko sail desberdinekin, herritarrekin eta herriko elkarteekin elkarlanean.Besteak beste, Erlo Telebista, Urola Kostako Hitza, Antxon Etxeberria, Jokin Izar, Zarauzko Udaleko Kultura saila, hainbat elkarte, eta Flickr sareko 50 erabiltzaile baino gehiagok jarri dituzte beraien bideo eta argazkiak ikusgai, proiektua mamitu ahal izateko. Hemendik aurrera, zarauztar guztiek izango dute web orrira argazkiak eta bideoak igotzeko aukera. Parte-hartzeko dei hori izan zen prentsaurrekoan emandako mezu nagusietako bat.
Gurezarautz.net-ek urteko eta asteko agenda zehatzak eskainiko ditu, festa, kirol eta kultur ekintza guztiekin. Bakoitzak bere fitxa izango du, antolatzaileek emandako informazioa, argazki eta bideoekin, eta kalitate handiko mapa eta ortofotoen bitartez kokatzen dira guztiak. Gipuzkoako Foru Aldunduko Mugikortasun eta Herrialde Antolamendurako sailak egindako B5M mapa berritzaileak erabili dira horretarako. Teknologia hori ezartzen duten lehen proiektuen artean dago gurezarautz.net, Gipuzkoa 2.0 egitasmoren laguntza dela medio.
Herriko denda, taberna, jatetxe edota ostatu guztiak kalitate handiko kale-izendegi batean kokatzen dituen gida erabilgarria ere eskaintzen du. Informazioa eguneratua eta oso zehatza da, lizentzia duten establezimendu guztiekin jarri baitira harremanetan. Bakoitzak bere lotura du. ‘Zarautz zure oroimenean’ izeneko atalean, berriz, Zarauzko Arte eta Historia Museoak azken bi urteetan bildutako zarauztarren istorioak eta oroitzapenak erakusten dira. Helburua Zarauzko memoria historikoa berriz osatzea da, herria eta gure arbasoen bizimodua nolakoak ziren ezagutarazteko. Hemen ere, herritarrek testigantza berriak idatzi ahal izango dituzte.
Azkenik, Zarauzko kultura eta natura ere ikusgai daude gurezarautz.net-en. Hainbat ibilbide proposatzen dira herriko ondare natural, eskultoriko eta historikoan zehar. Argazki, mapa eta bideoetan islatuko dira hemen ere. Zarauztik pasatzen diren ibilbideak ere ere azalduko dira, eta nahi duenak berea ere proposatu ahal izango du. Orobat, GPSrako bideak deskargatzeko aukera eskaintzen da.
Gurezarautz.net zerbitzuak sakeleko telefonoentzat egokitutako bertsioa eskaintzen du, http://mobi.gurezarautz.net/. Horri esker, erabiltzaileek edozein tokitatik eskuratu ahal izango dute Zarautzi buruzko informazioa. PDA, sakeleko telefonoa, edota internet konexioa duen edozein euskarri mugikor edukita, eguraldia, agenda, eta gida erabilgarria kontsultatu ahal izango dira aipatutako helbidean sartuz.
Interneten dohan konektatzeko aukera ematen du zerbitzuak ere, itsas-pasealekuan jarritako bi WiFi antenei esker. WiFi sare horren bitartez, aukera nahiko zabala ematen duten zenbait orrialdeetan sartzeko parada emango zaie herritar eta bisitariei: prentsa irakurri, emaila eta facebook-a kontsultatu, bloga eguneratu, edota turismo orri desberdinetatik nabigatzeko, besteak beste. Aipatu behar da ere Gipuzkoako web orrialderik onenak saritzen dituzten diariovasco.com lehiaketan finalera iritsi dela gurezarautz.net. Asteartean ezagutuko dira irabazleak.
Eskerrak eman nizkion Gipuzkoako Foru Alndundiari, Gipuzkoa 2.0 egitasmoarekin egiten ari den “lan bikainagatik”, eta Turismo Bulegoak lan horren printzipioekin bat egiten duela eta “aitzindari izateko bokazioa” duela ziurtatu nuen. “Etorkizuna ez dago paperean, eskuorrietan edo liburuxketan. Jendeak bestelako euskarriak, eta informazioa edozein tokitatik eta edozein unetan eskuratzea eskatzen ditu. Hau oso apustu garrantzitsua da, web orri bat baino askoz gehiago delako. Gizarte parte-hartzean oinarritzen da, eta orain arte izan ditugun erantzunak positiboak dira”. Hiru astetan, 1.400 bisita jaso ditu webguneak.
Ildo beretik mintzatu zen Haritz Solupe: “Hau ez da webgune soila. Ez dago atari instituzional hutsa izateko prestatuta. Herritarrek emango diote aberastasuna”. Turismo Bulegoaren jatorrizko proiektua Aldundiaren 2.0 filosofiarekin “enkaje zuzena” zuela erantsi zuen: “Euskal eta euskarazko edukien erabilpena eta irisgarritasuna bultzatzea da gure asmoa, eta elkarlanean aritu gara une oro”. Izan ere, Zarauzkoa, abenduan martxan jartzea espero den proiektu zabalago baten lehen pausoa da, Gipuzkoako ondare kulturala bilduko duen tankera bereko webgune batena, hain zuzen.
Rafa Olaizolak, bere aldetik, Zarauzko merkataritza eta ostalaritzaren inguruko informazioa eskura izatea “abantaila eta aurrerapen handia” dela azpimarratu zuen.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *