Egunkaria libre !!!!

Hilaren azken asteazkenean udal batzarra izango dugu. EAJ-PNV eta EB-Aralar alderdiek ondorengo mozioa aurkeztuko dugu.

Duela sei urte itxi zuten Euskaldunon Egunkaria. Herritarrak kalera atera ziren erabaki hori ozen salatzeko. Mobilizazioek oihartzun handia eduki zuten, eta harrezkero hainbat elkartasun keinu jaso dituzte euskarazko egunkariaren langileek eta, batez ere, auzipetuek. ‘Egunkaria Auzia’-k, ordea, aurrera jarraitzen du, eta azaroan hasiko da sumario nagusiaren epaiketa
Bertan bost lagun daude inputatuta: Juan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga eta Iñaki Uria zarauztarra. 12 eta 15 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte haientzat, ETAko kide izatea leporatuta. Fiskalak berak kasua artxibatzea eskatu zuen, zer leporatu ez dagoela argudiatuta. Akusazio partikularrik ere ez dago auzian, baina epaiketak aurrera egingo du, AVT eta Dignidad y Justicia elkarteak herri akusazioaz baliatu baitira zigor gogorrak eskatzeko.
‘Auzi ekonomikoa’ deritzonaren epaiketa ere egingo da. Bertan zortzi inputatu daude: Juan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Jose Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu, Fernando Furundarena eta Iñaki Uria bera. Irregulartasun ekonomikoak egozten dizkiete: zerga eta diru-laguntza iruzurra, eta diru-kontuak faltsutzea. Horiengatik, guztira,184 urteko espetxe zigorra (13 eta 26 urte bitartekoak) eta 234 milioi euro inguruko isuna (21 milioi eurotik 33 milioi eurora bitartekoak) eskatzen dute auzipetuentzat.
Defentsak eta fiskalak hasieratik argudiatu dute delitu ekonomikoei buruzko auziak ez direla Auzitegi Nazionalaren ardura, bertan terrorismoari buruzko auziak epaitzen baitira, auzitegiak berak esana duenez. Fiskaltzak argudiatu du auzi nagusian inputatutako bost lagunak ETAko kideak direla ondorioztatzeko nahikoa zantzu ez dagoela. Hala eta guztiz ere, Auzitegi Nazionalak erabaki du auzi hau ere bere gain hartzea. Epaiketa datorren urte hasieran has liteke.
Guzti horregatik, EAJ-PNVk eta EB/ARALAR-ek eskatzen dugu aurkezten dugun ondorengo mozioa eztabaidatu eta onartzea.

_____

1.- Euskaldunon Egunkaria zenaren aurkako prozesua gaitzetsi, eta Auzitegi Nazionalari eskatu auzia behin betiko artxiba dezala eta egindako kalteak konpon ditzala.
2.- Gure elkartasuna eta babesa adierazi auzi horretan inputatutako guztiei, eta bereziki Iñaki Uria zarauztarrari, eta Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik jasan behar izan dutena salatu.
3.- Zarauztar guztiei dei egin, Egunkaria auzia-ren aurka egiten dire elkarretaratze eta babes-ekimenetan parte har dezaten.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *