Bertsolari Txapelketa.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren trena Zarauztik igaroko da igande honetan. Izan ere, bertan jokatuko da bosgarren final laurdena, Aritzbatalde Kiroldegian, 17:30ean hasita. Bertsozale Elkarteak antolatzen du txapelketa, eta Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntza izango du kanporaketa antolatzeko. Jon Agirresarobe txapelketako koordinatzailea izan zen ostegun goizean eta hitzorduaren inguruko xehetasunak eman genituen.
Agirresarobek azaldu duenez, herri bakoitzaren errealitatea hartzen dute kontuan txapelketara nora eraman erabakitzerakoan. “Gipuzkoako Txapelketako finalerdia jokatu zen Zarautzen 2003an, eta ordutik ez da besterik izan. Txapelketa nagusia txapelketa nagusia da, eta Zarautzek merezi zuen aukera hau izatea, herri euskaltzalea eta bertsozalea delako, erreferentea. Motxian eta Etxebeltz bertso eskolak hor daude. Esparru honetan egindako lanaren saria da igandekoa, tarteka behar izaten direlako halako bultzadak”.

Txapelketa “bero-bero” hasi dela adierazi zuen Agirresarobek. Lehen zita Zestoan izan zen, Uztapideren jaiotzaren mendeurrena ospatuz, eta lepo bete zen frontoia, 850 ikuslerekin. Bilbo eta Leitzako saioak ere “arrakastatsuak” izan ziren. Zarauzkoa, baina, lehen saio “indartsua” dela nabarmendu du, ikusle kopuruari eta, batik-bat, parte-hartzaileen mailari erreparatuta. “Ikusmin handia dago, izen handiko bertsolariak arituko direlako lehian. Balio seguruak dira gehienak, eta saio zoragarria atera daitekeelakoan gaude”.

Hiru gipuzkoar, eta bizkaitar, nafar eta arabar bana igoko dira oholtzara. Guztiek dute eskarmentua plazetan zein Txapelketa Nagusian: Iratxe Ibarra markinarrak eta Joxe Munduate ataundarrak laugarren aldia dute jada, Xabier Silveira lesakarrak hirugarren aldiz kantatuko du, eta Oihane Perea gasteiztarrarentzat, Iker Zubeldia zegamarrarentzat eta Unai Agirre hernaniarrarentzat bigarren zita da aurtengoa. Munduate da beteranoena, eta Zubeldia gazteena, 28 urterekin. Silveira eta Perea, berriz, Nafarroa eta Arabako txapeldunak dira, hurrenez hurren.

Saroi Jauregi gai-jartzailearen esanetara arituko dira guztiak. Egin beharreko lanari dagokionez, 15 bertso puntuagarri kantatu beharko dituzte:binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian eta beste hiruna zortziko txikian; banaka,lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso, eta Kartzelako lana. Bi ordu eta erdi inguru iraungo du saioak.
Zarauztarrontzat albiste ezin hobea da kanporaketa hau jasotzea. Bertsolaritza bihotz-bihotzean daraman herria da gurea. Bertsogintzaren loraldiaren adibide ona da. Bertsolari bikainak izan ditu historikoki, Basarri, Zaldubi, edo Leunda, esaterako, eta badauzka gaur egun ere: txapelketan, adibidez, bi zarauztar daude, txapela lau aldiz irabazitako Andoni Egaña handia, eta Iñigo Manzisidor «Mantxi» . Herrian bizi den Ainhoa Agirreazaldegi ere lehian dago. Egaña finalerako sailkatuta dago automatikoki, eta ‘Mantxi’ eta Ainhoa txukun aritu direla esan didate Leitzan egindako saioan, hirugarren eta bigarren sailkatuta, hurrenez hurren.
Zarautzen eta bertsolaritzaren arteko lotura estuaren beste adibide batzuk ere aipatu ditut gaurko aurkezpenean. Hor daude dagoeneko ibilbide luzea duten Basarri Bertsopaper Saria eta Euskal Asteko Bertsolari Gazteen Lizardi Txapelketa, edota Etxebeltz eta Motxian bertso eskolen lana. Etxebeltzek 21 urte ditu jada, eta Motxianek, berriz, hamar. Biek Euskara Zerbitzuaren omenaldia jaso zuten aurtengo Euskal Astearen aurkezpenean hain justu, ahozkotasunaren eta bertsogintzaren esparruan ereindako haziagatik.
Bertsolaritzak eta, zehazki, Txapelketa Nagusiak izan duen gorakadan Bertsozale Elkarteak izan duen garrantzia ere goraipatu ditugu. Hainbat programa landu ditu oinarritik hasita, besteak beste, gaztetxoekin. ‘Ahozkotasuna eta Bertsolaritza’ da horietako bat, Zarauzko ikastetxeetan bertan eta Euskal Herri osoan sekulako arrakasta izan duena. Zarautzen, Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean antolatu zen ekimena. Bestalde, produktu bat saltzen ere asmatu du Bertsozale Elkarteak, eta hori aurrerapen handia da.
Hasieran pilotalekuan egitekoa zen igandeko saioa, baina polikiroldegira eramatea erabaki genuen gero, toki gehiago izateko. 1.200 bertsozalerentzako lekua izango da, gutxi gora behera. Internet bidez erosi daitezke sarrerak, http://www.txapelketanagusia.eu/ helbidean. Agirresarobek esan du ondo doala salmenta, 650 inguru salduta baitaude jada. Dena den, polikiroldegiko leihatilan ere erosteko aukera izango da igandean bertan, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Polikiroldegia betetzea ez dute baztertzen antolatzaileek.
Saioa amaitu bezain laster http://www.txapelketanagusia.eu/ atarian eskegiko da saioari buruzko informazioa eta http://www.bertsoplaza.tv/ atarian ikusi ahal izango dira txapelketako saio guztiak.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *