Irita. Zarauztarron etorkizuna.

Iritako planoa. Lehen marrazkiak.
Kezkatuta nago Iritako etorkizuneko industria-parkearen finantziazioaren harira zenbait komunikabidek argitaratutakoaren aurrean. Proiektua pasa den urteko uztailaren 30ean onartu zen, Udalbatzarrean, baina obrak ez dira oraindik hasi. Proiektu estrategikoa da, udaleko talde politiko guztien babesa duena, eta, orain arte Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzada sendoa ere izan duena. Beraz, harritzekoa da Patxi Lopez buru duen gobernuak orain Zarautzen ez inbertitzea erabaki izana. Zerbait egin beharra daukagu !!!!!.
Hirigintza proiektu honen garapena Zarauzko Industrialdearen esku dago. Elkarte publiko hau Ibarretxeren gobernuak sustatutako Industrialdea egitasmoaren baitan eratu zen duela zenbait urte. Bertan Foru Aldundia (%24,5), Zarauzko Udala (%24,5) eta Eusko Jaurlaritza (%51) daude ordezkatuta, azken hori Sprilurren bitartez. Aurreneko bi eragileek etxeko lanak egin dituzte: desjabetze tramite guztiak aurrera eraman, proiektua idatzi eta hainbat enpresa erakarri, besteak beste. Hau ez da egun batetik bestera aurkeztutako proiektua, luzaroan landutakoa eta pentsatutakoa baizik, elkarrizketa eta kudeaketa askoren emaitza. Lan asko dago aurreratuta, eta sozialisten gobernuari dagokio, gehiengoa duen bazkide bezala, behin-betiko bultzada ematea behar den finantziazioarekin. Pilota bere teilatuan dago, baina orain, bat-batean atzera egin duela eta hartutako konpromisoak bete nahi ez dituela ematen du, eta hori oso albiste txarra da zarauztar guztiontzat.

Iritako guneak 44.920 metro karratu edifikagarri izango lituzke, bulegoekin, pabilioiekin, planta balioanitzekin, eta alokairu sozialeko 32 etxebizitzekin. Bertan Errendimendu Handiko Mekanizatu Heziketa-zentroa martxan jartzeko aukera ere jasotzen da. Oteitza Lizeo Politeknikoa, Udala, Aldundia eta Adegiren artean sortutako egitasmoa da azken hori. Bestalde, parkea eta 14.000 metro karratuko eremu librea ere izango lituzke Iritak.Inoiz baino beharrezkoagoa da, krisialdi honetatik atera ahal izateko, herrian lana eta aberastasuna sortzen duten negozio eta enpresa jarduera berriak sortzea.

Garapen poloa da hau, jaurduera ekonomiko berritzaileak eta balio erantsi handikoak Zarautzera ekartzea ahalbidetuko lukeen gunea, eta zarauztar askori herrian lan egiteko aukera emango liekeena. Ezin gara logela-herri huts bihurtu.

Bestalde, egoera ekonomiko txarra horrelako proiektuentzat oztopo beharrean, akuilu izan beharko luke. Krisia ez da konpontzen adabakiak jarriz, baizik eta ekoizpen sarea sendotuz. Pena handia izango litzateke Patxi Lopezen gobernuak, bera boterera iritsi aurretik egindako guztia albo batean utzi nahi horretan, hamar urteko erakunde eta eragile askoren elkarlanaren emaitza bertan behera uztea. Lan hori, gainera, Zarauztik haratago doa eta Euskadik aspaldian herri gisa I+G+i-aren alde egindako apustuaren testuinguruan ulertu behar da.

Sozialistek krisialdia aitzakia bezala jartzea aktuazio honetan, eta ez beste askotan, kezkagarria da. Gustatuko litzaidake argitzea zer interesen eta lehentasunen arabera inbertitzen da Euskadiko toki jakin batzuetan eta ez besteetan. Guzti horregatik, EAJ-PNVk ekimen sorta jarriko du abian Irita aurrera eramateko. Luke Uribe-Etxeberria Industria arloko arduradun eta legebiltzarkide jeltzaleak Eusko Legebiltzarrean interpelatuko ditu Carlos Aguirre Ekonomia sailburua eta Bernabé Unda Industria sailburua proiektuaren paralisiaren zergatien inguruan. Halaber, Lurraldearen Antolaketa diputatu Arantxa Tapiarekin bildu naiz ni neu, eta honek jakinarazi dit “Gipuzkoako Foru Aldundia %100ean inplikatuta dagoela Iritarekin, orain arte bezala”.

Azkenik, EAJ-PNVk Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaia planteatu eta babesak bilatuko ditu, eta Irita mahai gainean jarriko du aurki hasiko diren Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen negoziazioetan eta gainontzeko erakundeetan:beti uste izan dugu enpresa-parkearen sorrera Zarautzek duen erronka handienetakoa dela, eta konpromisoa hartzen dugu prozesu honen buru izateko, eta Irita martxan jar dadin gure esku dagoen guztia egiteko, fronte guztietan, orain arte bezala.

Interesgarriak:

3 comments

  1. azkenean gune komertziala ere egingo da bertan? hotela badoa zergatik ez zarauztarrei on egingo lioketen zinema on batzuk.

  2. Maxi Eroskia bota eta bertan ganorazko merkatalgunea egin beharko litzateke, zine eta guzti. Gure neurriko herri askok merkatalgune handiak dituzte eta guk tokia dugu horretarako. Maxi Eroskin aparkalekua lurperatu eta laupabost solairuzko merkatalgunea egin daiteke. Lanpostu piloa sortuko lirateke eta zalantzarik gabe gustoko egitasmoa izango litzateke.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *