Pandemiaren okerrena pasa dela antzematen da kalean, musukorik dagoeneko ez da ia ikusten, arropa dendetan nerabeak ari dira beste udaberririk egongo ez balitz bezala erosketak egiten, eta gure herrietako lehen jaiak ere hasi dira ospatzen. Azkar asko ahaztu zaigu azken urteetan zer pairatu dugun, berriro ere ohiko martxari ekinez. Hortaz, kaleko giroa ikusita ezer gutxi aldatu dugula esan genezake, nahiz eta ikerketa soziologikoek eta bestelakoek beste gauza bat esan.
Eusko Jaurlaritzak orain dela gutxi argitaratutako uraren kalitatearen emaitzetan, gurean botika kontsumoak gora egin duela ondorioztatzen zuen; beraz, lo egiteko, buruko minak kentzeko edota kalean irribarretsu ibiltzeko lehen baino pilula gehiago behar ditugula argi dago. Gure gazteek, berriz, Z belaunaldikoak izenez ezagutzen ditugun horiek, antza handiagoa omen dute gure aiton-amonekin gure belaunaldikoekin baino, Gipuzkoako Foru Aldundiak landu berri duen azterketa baten arabera. Horiek guztiek erakusten dute fatxadaren irudia ez datorrela bat barrualdearekin.
1995etik 2010era jaiotako gazteek krisi hitza ezaguna dute, ez baitute besterik ezagutu, eta ziurgabetasuna ez da beraientzat aldiro-aldiro gertatzen den ez ohiko fenomenoa. Ondo baino hobeto dakite esfortzu berezia egin behar dutela mundu korapilatsu honetan kalitatezko lanbide bat aurkitzeko. Hori bera eskatzen diete beraien betiko lagun eta ezagunei: zuzeneko eta kalitatezko harremanak, nahiz eta digital aroko lehen seme-alabak izan. Erretolika gutxi eta ekintza gehiago aldarrikatzen dute gure herriko arazoei aurre egiteko, eta horregatik daude hain urrun politika zaharreko diskurtsoetatik.
Garai bateko sareak beste batzuk ziren; igeltsero, herriko mediku edo baserritar ofizioz gain, denek zuten beren bizilagunei laguntzeko eta artatzeko konpromisoa, herri sarea indartuz. Orain ere, gure gazteek, garai batean gure aurrekoek egiten zuten antzera, euren komunitatea sendotu nahi dute; besteak beste, KM zero dinamika sustatu eta desberdinkeriari aurre egin, ekinez eta apaltasunez. Etorkizun oparoa dugu gure gazteentzat ispilua gure aurrekoak badira, eta ez sareetan ikusi eta entzuten ditugun influentzer berriak.