Denbora berrietan, erantzun berriak

denak_06

Goiburu hau aspaldi aukeratu nuen blogaren irudi nagusirako. Eta sarrera honi titulua bilatzerakoan, pentsatu dut hemen ere primeran egokitzen zela. Aurrekoan Markel Olanoren izendapenaz aritu nintzen, eta gaurkoan, horrelakoa da bizitza, neureaz aritzea tokatzen da. Izan ere, Foru Aldundi berriaren lan taldean, bozeramailea eta Gobernantza eta Komunikazio Diputatua izango naiz.

Bi sentipen ditut nagusiki: bata, esker ona, tamainako egitekoa ondo betetzeko gai naizela uste izan dutenekiko. Bestea, ilusioa. Sekulako erronka da niretzat, gustuko ditudan bi arloetan eragin ahal izango dudalako: kudeaketa, eta komunikazioa. Lehen arloan, Gipuzkoa azken urteetan bizi izan duen geldialditik atera behar dugu, nola edo hala. Lehentasunak ondo finkatu, eta horiei erantzuna ematerakoan, baliabideak behar bezala kudeatu, eta helburuak betetzen ditugula egiaztatu behar ditugu. Hitz batean, eraginkortasuna.

Komunikazio esparruan, berriz, gardentasunaren aldeko apustua egin nahi dugu. Ate eta leihoak zabaldu, haize berriak ekarri, zer, nola eta zertarako egiten dugun herritarrei helarazi, oztoporik gabe, naturaltasunez. Bitartekoak modernizatu, kanal berriak zabaldu, benetako parte-hartzean eta elkarlanean oinarritutako kudeaketa eredua finkatu… badugu zeregina.

Garai berriak bizi ditugu Euskadin, eta baita Gipuzkoan ere. Herritarrek aldaketa aukeratu dute. Politika berria eskatu dute, edukietan, baina baita formetan ere. Denbora berrietan, erantzun berriak ematea da gure konpromisoa, gipuzkoarrekin, eta lurraldeko eragile nagusiekin batera.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *