Zarauzko udaletxean espainiako bandera jartzera inposatu gaituzte. Hau dela eta ezohiko udalbatzarra egin genuen herenegun iluntzean, EAJk eta Bilduk aurkeztutako mozioa bozkatzeko. Hau da han irakurritakoa :
Ikurrak oso garrantzitsuak dira. Behin baino gehiagotan esan da banderak trapu zaharrak baino ez direla. Eta bai, bandera oihal zati bat da, baina baita sinbolo bat ere, ikur bat, eta ikurren atzean balio handiko gauzak daude: ametsak, sentimenduak, proiektuak, baloreak, loturak, sustraiak, historia eta etorkizuna.
Guk argi dugu eta behin baino gehiagotan adierazi dugu: Zarautz herri euskaltzale eta abertzalea da. Zarauztar gehienak euskal herritar sentitzen dira, eta euskal herritarrek beren etorkizuna modu librean erabakitzeko duten eskubidean sinesten dute. Beraz, ikurriña da herritar gehienak ordezkatzen dituen ikurra eta ez, ordea, Espainiako bandera. Zarautzen, tamalez, bandera gorri-horia ikusi beharko dugu gure subiranotasunaren ikurra den udaletxean, beste guztien gainetik eta lehentasunezko tokian.
Gaurkoan, beraz, bi ideia defenditu nahi ditugu. Aurrena, inposaketa ororen aurka gaudela. Baita Espainiako banderaren inposaketaren aurka ere, noski, zarauztar gehienon iritzia ordezkatzen ez duen sinbolo baten inposaketa baita. Auzitegi Gorenak gatazka politikoa elikatu nahi izan du, izan ere, nazionalitate bat, hain zuzen ere, Espainiako nazionalitatea, inposatu nahi izan digu. Baina aitzitik, euskal herritar eta zarauztar gehienek ez dute nazionalitate horrekin bat egiten, euskaldunak sentitzen direlako.
Inposaketa honen atzean, Espainiar estatuaren eta bere aparatu politiko eta legalaren mezu garbia dago: Espainiak ez du Euskadi herri gisa aitotzen. Banderen auzi honen atzean Euskadiren ukazioa dago, modu oso nabarmenean gainera. Espainiar estatuak menpeko nahi du Euskadi. Ez du onartzen gure herria pareko bezala, morroi bezala baizik. Eta menpeko harreman hori demokraziaz mozorrotzen du, konstituzioa eta zuzenbide estatua aipatuz.
Legeek, ordea, ez dute berez justizia eta demokrazia ekartzen. Are gehiago, benetako demokrazia oztopatzeko aitzakia gisa erabil daitezke. Demokrazia, herritarrei hitza ematea eta haien erabakia errespetatzea da, bere zentzurik oinarrizkoenean. Espainiar estatua, ordea, ez dago prest euskal herritarrei hitza emateko, eta zanpatu egiten ditu norabide horretan dihoazen ekimen politiko eta sozial guztiak. Ibarretxe planarekin gertatutakoa gogoratu besterik ez dago. Adierazpen askatasunari ere trabak jartzen dizkio.
Ildo horretan, gaur eztabaidatzen dugun idatziaren hirugarren puntua aipatu nahi dut bigarren ideia nagusi gisa. EAJk herri honek bere etorkizuna eta beste estatu eta erakundeekin izango duen harremana eta estatusa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzen du. Eskubide historiko hori, proiektu komun hori, Ikurriñak islatzen du. Ikurriña da gure historiaren eta denon artean eraiki nahi dugun etorkizunaren sinboloa. Ikurriña da geurea.
Hemen gauza bat gertatzen ari da: herri-gatazka bat dugu konpontzeko. Eta konponbidea erabakitzeko eskubidea da, hain zuzen ere, herritarrek bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko duten eskubidea. Nik neure estatua izan nahi dut, hain zuzen ere, bere legeak ezartzen dituen beste estatu bat. Eta legeak betetzen direla ziurtatzen duten epaileak demokratikoki izendatu nahi ditut. Izan ere, horiek dira herri honi dagozkion eskubide demokratikoak, subjetu politikoa baita.
Horregatik emango diogu baiezkoa gaur eztabaidatzen ari garen idatziari. Argi izan dugu beti gatazka politikoa ez dela konponduko indarra, inposaketa eta bortxaketa erabiliz, indarkeria hori alde batetik edo bestetik etortzen dela ere. Elkarrizketa, bakera eta akordioaren aldekoak gara, eta Auzitegi Gorenaren erabakiak ez dio inolako mesederik egiten landu behar dugun bide horri. Atzera ez, aurrera egiteko garaia da.
Ezker abertzaleak ere badu asko egiteko bide horretan. Gogoratu besterik ez dago duela oso gutxi arte nolako jarrera izan duen EAJ-PNVrekin Espainiar estatuaren aginduak bete behar izateagatik. Nolako presioak, irainak, mespretxuak eta mehatxuak jasan behar izan dituen, zenbat oihu eta pankarta, “PNV español” eta okerragoak esanez.
Espainiar lege eta aginduei intsumisioa deklaratzea eskatzen zien ezker abertzaleak besteei duela oso gutxi arte. Orain, aldiz, ezker abertzalea da agindu eta lege horiek betearazten dituena euskal erakunde askotan. Inkoherentzia nabarmena da. Horregatik diot hemen batzuk asko dutela ikasteko oraindik. Guk ez diogu ezker abertzaleari intsumisioa ez deklaratzeagatik koldarkeriarik leporatuko. Ez dugu ‘Bildu español’ oihukatuko. Ez dugu zuek duela gutxi arte erabilitako txanpon berarekin erantzungo.
Gure alderdiak arduraz jokatu du beti, edo horretan ahalegindu da behintzat. Eta arduragatik, hain zuzen, bozkatuko dugu gaur baiezkoa, gurea Ikurriña delako, eta inposaketen aurka gaudelako.