Gehiegizko indarkeria

Patxi Elola eta Gorka Landaburu. Azken Portuko Kristau aretoa. 2010-10-03

Herenegun era askotako sentimenduak izan nituen, udalbatzarra egin aurretik eta baita ondoren ere: amorrua, pena eta etsipena. Aurretik, mozio bat jarri genuen mahai gainean urtetan zehar Udalbiltzak egin duen lana babesteko. Une gogor hauetan garrantzitsua da erakunde hau zer den eta zer izan zen gogoraraztea, eta Euskal Herria bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen subjektu gisa aldarrikatzea. Ezin ditugu ahaztu ere bere garaian Zarauzko Udalak Udalbiltzaren bitartez bultzatutako proiektuak, Saran eta Ziburun (Iparralde) haurtzandegia eta ikastola eraikitzeko. Ezta Zarautz gehiengoz herri abertzalea dela, eta herriko hainbat zinegotzi Udalbiltzan partaide izan ginela ere.

Politikaz eta mozioez hitz egiteari uko egiten dion alkatea daukagu. Horregatik eman zion ezezko biribila mozioa udalbatzarrean eztabaidatzeko tramiteari, eta ez zuen eguneko gai zerrendan sartu. Jarrera horrek tristezia eta amorrua sortzen dizkit, ez dudalako ulertzen gehiengoz abertzalea den herri bateko, alderdi abertzale bateko ordezkari gorenak horrelako mozioak babesteari uko egitea. Eta herritar gehienek ere ulertzen ez dutela uste dut, are gehiago bizi dugun une politikoan. Hori al da Hamaikabatek abertzaletasunaz duen ikuspegia? Beharbada guzti honekin lotuta dago mozioa bozkatu aurretik Arantxa Iturriak (Hamaikabat) pleno aretoa utzi izana.

Udalbatzarraren garapena tristeagoa izan zen. EAE-ANV kideek idatziz eskatu zuten, araudiak exijitzen duen moduan, zenbait gairi buruz hitz egin ahal izatea. Ez zieten utzi. Koldobike Muniainek hitza hartu zuenean, Eguneko Zentroari buruzko eztabaidan haien jarrera politikoa zentratzeko, beste udalbatzarretan hartutako erabakiak aipatu zituen. Testuinguru gisa egin zuen aipamena, baina Patxi Elolak (PSOE) eta Jon Burgañak (Hamaikabat) hitza kentzeko eskatu zioten alkateari, onetik irtenda eta gogortasunez. Bi minutu ere ez zituen erabili Muniainek. Halako batean, aretotik kaleratu egin zuten. Botere-abusua eta gehiegikeria izan zen gertatutakoa, nire uste apalean.

Ez da normala. Ezker abertzaleari erakundeetan normaltasunez eta modu demokratikoan parte har dezan exijitzen zaio, eta hori egiten duenean, kanpoan uzten zaio. Ez dakit zer gertatzen den Udal honetan halako erabakiak har daitezen. Ez da normala ezker abertzaleak eta PSOEk mahai berean eta mikrofono berarekin hitz egitea, Azken Portuko Kristau Etxean antolatutako hitzaldietan, eta aldi berean udaletxean ika-mikan ibiltzea eta norgehiagoka bilatzea. Alkatearen jarrera ere ez dut ulertzen, jakin beharko lukeelako udaletxetik kanpo, PSOEk eta ezker abertzalea harremanetan daudela, publikoki batzuetan, baserrietan ezkutuan besteetan. Patxi Elolak jotako soinu interesatuan ari da dantzan Jon Urien.

Zarauztar guztien ordezkari izatea eta zarauztar guztientzat gobernatzea da alkate baten eginbeharra. Bera izan beharko luke elkarbizitza sano baten aldeko apustua egiten lehena. Elkarrizketa, hitza, eta tolerantzia dira errezetarik onena demokrazian sakontzeko, orain inoiz baino gehiago. Nire ustez, Koldobike Muniainek zuzentasunez jokatu zuen hitza hartzerakoan, eta horregatik ez nator bat hura kaleratu izanarekin. Bestelakoa izan zen bere jarrera kaleratu zutenean, irain onartezinak zuzendu baitzizkien azken buruan alkatearen agindua bete besterik egiten ez zuten udaltzainei.

Zerbait gaizki egiten ari gara, udalbatzarretan eromena nagusitu delako. Zerbait doa gaizki, Xanti Garatek bere alderdi politikoko ordezkaria den alkateari arreta deitu eta neurriak hartzeko eskatzen dionerako. Seguru aski kode etiko bat jarri beharko dugu mahai gainean, gutxieneko errespetua eta jokamolde zuzena udalbatzarren garapenaren oinarri izan daitezen. Gutxieneko arau batzuk adostu eta arau horiek errespetatzen ez ditugun bitartean, ikuskizun penagarriak eskaintzen jarraituko dugu, eta triste, amorratuta eta etsita aterako gara udalbatzarretatik.

Interesgarriak:

1 comment

  1. Bai, oso ongi. Baina hemendik aurrera Udalak udalbatzak antolatzeko onartu berri duen eta laister indarrean jarriko den araudiari buruz zer? Alegia, herritarren parte-hartzea murriztu eta gaur egun herritarrek hautaturiko Ezker Abertzaleko zinegotziei hitza galariziko dion araudiaz, zer dago esateko?
    Horretaz ezer esan ez… zure alderdiak aldeko bozka eman duelako, agian?

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *