Elkarbizitzarako beste urrats bat

Zarauzko hilerria.

Eusko Legebiltzarraren baitan indarkeria politikoaren biktimak ebaluatzeko sortu den batzordea hasi da lanean, eta eman ditu dagoeneko bere lehen irizpenak: onartutako zortzi eskaeretatik, zarauztarrontzat aski ezaguna den bat dago: Juan Paredes Manot ‘Txikirena’. Txiki Frankismoaren azken biktimetako bat izan zen. 1975. urteko irailaren 27an afusilatu zuten, Bartzelonan, Angel Otaegi eta FRAPeko hiru kiderekin batera. Gerra kontseilu baten bidez eta bidezko epaiketarik gabe. Estatu mailan zein nazioartean hainbat eragilek egindako salaketek eta barkamena eskaerek -tartean erakunde ofizialenak- ez zuten ezertarako balio izan. Diktadoreak ez zuen gupidarik izan.

Eusko Legebiltzarreko batzordearen irizpenak ez du iragana aldatuko, baina berri pozgarria da, luzaroan Txikiri ukatu zaion biktima izaera aitortuko zaiolako azkenean. Aurrerapauso handia da, batez ere gogoan baldin badaukagu duela oso gutxi, 2009an, Auzitegi Nazionalak debekatu egin zuela Txikiri urtero haren heriotzaren urteurrenean egiten zaion omenaldi xumeak. Ertzaintza bertaratu zen hilerrian agindu hori betearazi asmoz. Jakin badakigu zenbat sufritu zuten Txikiren senitartekoek, amak, anaiak, etabar. Egun horretan eta beste askotan. Eta poztu egiten gara, haientzako gaur egun pozgarria izango delakoan baikaude.

Erronka potoloa dugu euskaldunok esku artean. Gure artean ez ezik, gure iraganarekin berradiskidetu beharko dugu. Memoria ariketa egin beharko dugu. Seguru asko mingarria izango da askotan, baina zintzotasunez eta frentismorik gabe egin beharko diogu aurre egiteko hori, errekonziliazioa, erreparazioa eta egia direlako aurrera egiteko eta pixkanaka zauriak ixteko modu bakarra. Biktima guztientzat. Pixkanaka, urratsez urrats. Lan hori kalez kale eta herriz herri egin behar dela uste dugulako, hain zuzen, Zarauzko udaletxean, Bilduren gobernuari behin eta berriro eskatu diegu Giza Eskubideen batzordea abian jartzeko. Eskaera hori aho batez onartu zen apirileko osoko bilkuran, eta duela gutxi idatziz gogorarazi genien, baina albisteen zain jarraitzen dugu. Honetan ere, kale egin dute.

Besarkada handi bat Txikiren lagun eta senitartekoei, eta bereziki bere amari.

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *