Zarauzko aurrekontuak

Zarauzko udaletxeko pleno aretoa. 2012-05-30

Asteazken honetan, ohiko udal osoko bilkura izan genuen. Gai garrantzitsuenetariko bat aurrekontuen hasierako onespena zen. Azkenean Bilduk,  Aralar eta Ezker Anitza alderdien botoak jaso zituen. Hauxek dira gure hausnarketa aurrekontu hauei ezezkoa emateko.

Gaurko honetan Udal aurrekontuen hasierako onarpena gauzatuko dela ikusita, EAJren Udal taldetik azaldu nahiko genuke zergatik emango dugun aurkako botoa. Aurrekontuak eta legealdiko lehen urte honetan gertatutakoa aztertu dugu, eta hainbat herritarrekin eta elkarterekin hitz egin eta iritziak jaso ondoren, eskematikoki baldin bada ere, gure ezezkoaren  arrazoiak bost ardatz nagusitan bildu ditugu:

 1.-  Gobernantza. Bilduk Zarauzko Udaleko laneko estiloa aldatu egin du, baina okerrera. Gaur egun:

 ·        Ez dakigu zein den Gobernu egitasmoa edo programa. Edozein Gobernuk, bere lehen hilabeteetan, helburuak eta estrategiak finkatu behar ditu herriak dituen arazoek eta erronken azterketa egin ondoren. Urtebete igaro da eta oraindik ez da ezer aurkeztu. Uste dugu Udal Gobernuak denbora sobera izan duela gobernuak gainerako talde politikoei eta herritar guztiei bere asmoei eta legealdi honetako ardatzen berri emateko. Garrantzitsua da herritarrei kompromiso nagusien berri ematea, Udalaren lana behar bezala aztertu eta ebaluatzeko aukera zor zaielako.

Bestalde, epe luzeko plangintzarik gabe, arriskua dago inprobisazioan eta unean-uneko beharren dinamikan erortzeko. Paperean zehaztutako Gobernu egitasmo zabal eta finkorik ez duen gobernua, hankamotz jaio den Gobernua da, bai eraginkortasunari erreparatuta, eta baita derrigorrezkoa den gardentasunari erreparatuta ere. Pasa den urteko irailean EAJk mozioa aurkeztu zuen eskari hau eginez eta ez zaio inolako erantzunik eman.

 ·        Ez dago legealdirako inbertsioen egitasmorik: Ez da batzordeetan aurkeztu eta behin baino gehiagotan eskatu baldin bada ere ez da ezer egin. Adabakiak-partxeak jartzen dira eta inbertsio handi gisa iragartzen dira dagoeneko aurreikusita zeuden obrak.

 ·        Gardentasunik ez: Batzorde gehienen funtzionamendua eskasa da. Ez dute bere egitekoa betetzen. Batzuetan informazioa eta dokumentazioa falta da erabakiak aztertu eta behar bezala hartzeko. Ondorioz, batzordeak edukiz hustu dira ia tramite huts bihurtzeraino. Uste dugu gehiengoa ez duen Gobernu batek bestelako jarrera eduki beharko lukeela. Halaber, behin baino gehiagotan eskatu ditugu bere garaian Udal talde guztiok Udaleko kontuak aplikazio informatikoen bitartez begiratzeko geneuzkan klabeak. Ez da eskaera bete. 

 ·        Iluntasuna eta zuzendutako esleipenak. Udalak atzerapauso nabarmenak eman ditu gardentasunari eta kudeaketa egokiari dagokionez. Kontratazio eta jokabide egokirako printzipioak alde batera utzi izan dira tarteka. Printzipio horien zenbait urraketak Osoko Bilkura honetan salatu ditugu jada, baina gaizki egindakoak zuzendu beharrean, Udal Gobernuak tematuta jarraitzen du, laster argitaratu behar den Bildu-Amaiurren gobernuaren aldizkariarekin gertatutakoa adibide garbia da. Inprentan zegoenean eman zitzaigun oposizioko kideei aldizkariaren berri. Zarauztar guztion diruarekin ordaindutakoa izango da.

 ·        Herritarren partaidetza. Gure ikuspegitik, Bilduk haratago ez doan diskurtso politikoki zuzena dauka arlo honetan. Gaurko egunez ez du oraindik erantzun auzoetako bizilagunekin egindako bileretara gonbidatuak izango garen. Erantzuna ezezkoa baldin bada, joaten hasiko gara, baina errespetuz jokatu nahi izan dugu orain arte.

  • Bestalde, Udal Gobernuak ez du esan milaka herritarrek kontsulta bat eskatuz sortutako mugimenduaren aurrean zer egingo duen. Ez du Turismoaren Aholkularitza Batzordea behin ere bildu, bertan herriko eragile inportanteak ordezkatuta egon arren. Eta partaidetzaz mozorrotutako mahai paraleloak sortu ditu esparruren batean, bere gertukoekin. Diskurtso polit ugari, baina edukirik ez.

 Kudeaketa.

Aurrekontuen hasierako onarpenaren ondoren gure emendakin nagusiak zein ildotik joango diren azpimarratu nahiko genuke, bost multzo nagusitan sailkatuta. Gaurkoan ere argi utzi nahi dugu aurrekontuak izatea oso garrantzitsua eta beharrezkoa dela herriarentzat, baina EAJ ez da lehentasunezko bazkidea aurrekontuak negoziatzeko garaian. Hala sentitu dugu eta gainera normaltzat jotzen dugu ezker abertzaleak Ezker Anitza eta Aralar aukeratu izana aurrekontuak onartzeko, kontuan harturik epe laburrean hauteskundeetara elkarrekin aurkeztuko direla. Gure eskerrik zintzoenak eman nahi dizkiogu Iñakiri kontuen inguruan hitz egin eta negoziatzeko erakutsi duen jarreragatik, baina berak ere inork baino hobeto daki, hala esan diogulako, negoziatzeko borondateak errespetuaz eta kontsiderazioaz lagunduta etorri behar duela. Gaurdaino, ordea, Zarauzko bigarren alderdirik bozkatuena izan arren, mespretxuak eta umiliazioak baino ez ditugu jaso Bilduren aldetik.

 EAJk gogor jarraituko du lanean eta egoera hau ez bada aldatzen bide eta ekimen berriak aurkeztuko ditu.

 1.- Zarauzko ekonomia biziberritzeko egitasmoa. Uste dugu beharrezkoa dela egitasmo bat martxan jartzea Udalean gastu korrontea murrizten jarraitzeko eta zerbitzuei eutsi ahal izateko. Langileen baldintza hobekuntzak berraztertu beharko dira. Halaber, herrian enpresan txikien, merkataritzaren eta ostalaritzaren jarduera biziberritzeko eta langabeziari aurre egiteko egitasmoa abiarazi behar dela uste dugu, eta formakuntza eta herrian negozio berriak jartzeko diru-atalak handitu, Udal Elkartearekin elkarlanean. Ildo horretan, joan den abenduan aurkeztu genuen mozioan eskatzen genuenari eusten diogu.

 2.- Herriko kultur, kirol eta bestelako elkarteei babesa. Elkartegintza babesten eta bultzatzen jarraitzeko unea da, orain arte egin dugun bezala. Garrantzitsua da Udalean dirulaguntzen tramiterako eta elkarteen kudeaketarako aholkularitza zerbitzua eta laguntza eskainiko dituen zerbitzua martxan jartzea. Elkarteen erregistro ofiziala sortzea ere proposatuko dugu.

Halaber, aurrekontuetan aurreikusten ez diren hainbat elkarterekin hitzarmenak proposatuko ditugu, hala nola auzo elkarteak, jubilatuen elkartea (urteko bazkari, ikastaro eta jardueretarako), Schola Cantorum, euskararekin lan egiten duten hedabideekin lau urteko hitzarmena (hemen murrizketa izan da eta ez dugu begi onez ikusten), Artezaleak (kasu honetan jaitsiera galanta izan da)…

 Uste dugu Mollarrin ekitaldi irekin desberdinak antolatu behar direla, behin baino gehiagotan adierazi dugun moduan.

 Euskaran, ez dugu ulertzen zergatik berandutzen ari den zarauztarrek informazioa euskara hutsean jasotzeko aukera, hainbat herritarrek eskatu dutenean. Erabaki guztiak hartuta daude, modu informalean egiten zen eta arrankatzea besterik ez da falta.

Kulturan, Musika Eskolaren aldeko apustua egiten dugu. Bat gatoz Garirekin egiten ari den ahaleginean baina uste dugu ahalegin hori egiteaz gain Villa Mundako instalazioak ere hobetu behar direla. Bestalde, herriko arlo desberdinetako sortzaileentzat espazio komunak irekitzearen aldekoak gara.

Kiroletan, ekimen pribatua bultzatzeaz gain, premiazkotzat jotzen dugu atletismo pistaren diseinua lantzen jarraitzea egoera ekonomikoak hobera egiten duenean lanekin hasteko (badaude zirriborro batzuk). Uste dugu Zarauzko Kirol Elkartea babesteko unea dela, inoiz baino gehiago, eta bere ekimenetan murrizketarik ez pairatzeko eskatuko dugu. Hondartzaren erabilerari dagokionez, uste dugu surf eskolen jarduera herritarren interesekin uztartu bejar dela, eta beharrezkoa dela Zarauzko Surf Eskolarekin hitzarmen berria sinatzea.  Arraun taldearekin ere konpromiso batzuk hartuta daude, eta aurreikusitako inbertsioak laguntzen jarraitu beharra dago. Hor ere hitzarmen berritu baten beharra ikusten dugu.

3.- Gizarte politika. Gizarte zerbitzuetan arreta hobea emateko eta itxarote zerrendan batez besteko denbora jaisteko neurriak hartzeko eskatzen dugu. Ekimen adostuak behar dira. Eguneko Zentroan zaintzapeko apartamentuak martxan jartzeko tramiteak azkartu behar dira, eta departamentuko barne egoerari konponbidea eman, kontsentsuan eta gardentasunean oinarrituta.

4.- Herritarren partaidetza. Araudiarekin batera herritarren partaidetza eguneroko kudeaketan txertatu. Kontseilu Soziala sortu, urtean behin herriaren egoera aztertuko duten 40-50 kiderekin.  Gure alderdiaren partaidetza eredua erregistratua dago.

5.- Etxebizitza, mugikortasuna, hondakinen kudeaketa: Zarautzen ez da aspaldian babestutako etxebizitzarik eraiki, eta egoera horri konponbidea eman behar zaio, abian dauden promozioen egutegiak eta aurrekontuak finkatuz, eta prozedurak, tramiteak eta obrak arinduz. 

Ez gatoz bat udan jarri behar den autobus zerbitzu bereziarekin. Kortazar zabaldu behar da berriz, eta baita ikastola aldameneko saila ere. OTAri dagokionez, ados gaude sistema berrikustearekin, herritarren iritziak aintzat hartuta. Halaber, Udal Gobernuak zenbait kaleren norabideak aldatzeko azaldutako asmoen aurrean ere, bizilagunen iritzia kontuan hartu behar dela uste dugu. Eta irisgarritasunari dagokionez, Azken Portu Goia lan egin beharra dago. Igogailua jartzeko proposamena dugu eta aurrera ateratzeko borondatea azaltzen dugu.

Hondakinen kudeaketan, edukiontzien erabilera hobetzeko ideiak badauzkagu, beti ere birziklapenaren bidetik aurrerapausoak ematen jarraitzeko, baina derrigorrezkotzat jotzen dugu jakitea Udal Gobernua atez atekoa herritarren borondatearen gainetik inposatzeko prest dagoen ala ez.

Denok gara beharrezkoak garaiotan. Beste alderdi politikoekiko eta talde lanarekiko jarrera irekia edukitzea ezinbestekoa da, baina komunikazio zubi guztiak apurtu dituzue, alkatea isilik dago eta ez du erantzuten, eta batzuetan ez dakigu zeinek agintzen duen Udal honetan. Hala ere, elkarlanean aritu nahi dugula berresten dugu, hain beharrezkoa den giza eskubideen eta elkarbizitzaren batzorde horretan barne.

 

Interesgarriak:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *