
Zarauztar euskaldun bati herriko ertzainetxean gertatutakoa oso larria dela iruditzen zait eta ondorengo eskutitza bidaltzea erabaki dut Herrisaingo sailari. Ertzaintza maite dugunoi mina egiten digu horrelako historiak entzun beharrak. Horrela dio kartak:
Zarauzko ertzainetxea
Herrizaingo Saila. Gipuzkoa Kalea, 46
20800 Zarautz
Ertzainetxeko buru hori,
Honen bidez jakitera eman nahi dizut iragan apirilaren 5ean herritar bat zela Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzura, Zarauzko ertzainetxean gertatu zitzaionaren berri ematera eta, horren aurrean, bere nahigabea eta haserrea adieraztera.
Delako herritarraren arabera, lapurreta baten lekuko izan zen eta Udaltzaingoak egindako lapurreta-partean bere izena jaso zuten. Handik egun batzuetara, ertzainetxetik deitu zioten, deklaratzera. Ertzainetxera joanda, sarreran lau aldiz errepikatu zuen ‘egun on’, harrera egin zionak lau aldiz ‘buenos días‘ erantzun zion bitartean. Sartu zen azkenean eta deklaratu zuen, euskaraz, baina bere deklarazioa jasotzen zuen orria erdaraz eman zioten, sina zezan; eta gure bizilagunak uko egin zion gazteleraz idatzitako deklarazio-orria sinatzeari.